#Right2Cure | Patenteak kentzeko eta txertoak eskuratzeko berdintasuna lortzeko Europako Herritarren Ekimena

2021/12/21
ELAk bat egin du “Right2Cure” Europako Herritarren Ekimenarekin. Honen bidez, Europako Batzordeari eskatzen zaio neurriak har ditzala pandemien aurkako txertoak eta tratamenduak mundu mailako ondasun publikoak izan daitezen, eta guztiontzat eskuragarri egon daitezen. Europako herritarren milioi bat sinadura behar dira.

Herrialde batzuetan COVID-19arentzako txertaketa-maila erritmo azkarrean handitzen den bitartean, beste herrialde askotan txertoen banaketa modu erabat bidegabean egiten da, baita osasun-egoera kritikoa denean ere. Txertoak eskuratzeari dagokionez, munduan dagoen desberdintasuna da pandemia honen amaierarako oztopo handienetako bat.


#Right2Cure Europako Herritarren Ekimena, Europako gizarte zibileko 200 erakundek baino gehiagok osatutako koalizio batek bultzatua, EBko herritarrek Europako Batzordeari lege-aldaketa zehatz bat proposatzeko modu zuzena da. Honen bitartez bilatzen dena zera da: laborategiek txertoen ezagutzak eta teknologia partekatu ditzatela, aldi baterako patenteei uko egin diezaieten eta txertoak mundu osoan ekoizteko aukera eman dezaten, sarbide unibertsala ziurtatuz. Legegintza-proposamena, milioi bat sinadura biltzen badira bakarrik aurkeztu ahal izango da.


Zeintzuk dira ekimenaren eskaerak?


1 — Osasuna guztiontzat

Osasuna eskubidea da. Pandemia batean, ikerketa eta teknologiak zabal-zabal partekatu beharko lirateke, azkar, munduan zehar. Konpainia pribatu batek ez luke ahalmenik izan behar tratamenduak edo txertoak nork eskura ditzakeen erabakitzeko, ezta zein preziotan ere. Patenteek konpainia bakar bati ematen diote funtsezko farmazia-produktuen gaineko boterea eta monopolioa. Horrek haien eskuragarritasuna mugatzen du eta haien beharra duten pertsonentzako kostua handitzen du.

2 — Gardentasuna orain!

Produkzio-kostuei, ekarpen publikoei eta txertoen eta sendagaien eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko informazioa publikoa izan beharko litzateke. Agintari publikoen eta farmazia-konpainien arteko kontratuak ere argitaratu egin behar dira.

3 — Funts publikoak, kontrol publikoa

Zergadunek kopuru handiak ordaintzen dituzte beren zergekin, txertoak eta tratamenduak ikertu eta garatzeko. Jendeak ordaintzen duena, jendearentzat izan behar du. Ezin dugu onartu konpainia farmazeutikoek baliabide publikoekin garatu diren funtsezko teknologia medikoak pribatizatzea.


4 — Inork ez dezala etekinik atera pandemiarekin

Konpainia farmazeutiko handiek ez lirateke aberastu behar pandemia honekin, jendearen osasunaren kontura. Mehatxu kolektibo baten aurrean elkartasuna behar da, ez irabazi pribatua. Funts publikoak jaso nahi badira, eskuragarritasun eta ordaingarritasun bermeak eman behar dira. Industria farmazeutikoari ez genioke utzi behar gizarte-segurantza sistemak arpilatzen.

 

ONLINE SINATU ekimena webgune honetatik: Right2Cure