Mendebaldeko Sahara

Sahara libre

2025/10/29
Sahara libre
Mendebaldeko Sahararen historia XX. mendeko deskolonizazio prozesuaren orrialderik mingotsenetako bat da, Espainiak saharar herriari egindako traizioak markatua. Martxa Berdea hasi zela 50 urte bete diren honetan, ELAtik ez dugu aukera hau pasatzen utzi nahi, beste behin ere, saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubide besterenezina aldarrikatzeko.

Ia mende batez, Mendebaldeko Sahara —deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurraldea— Espainiak administratu zuen, eta, 1958an, ofizialki Espainiako probintzia bihurtu zuen. Nazioarteko Justizia Auzitegiak Saharako herriari autodeterminazio eskubidea aitortu bazion ere, Marokok 1975eko azaroaren 6an Martxa Berdea deiturikoari ekin zion: inbasio militar eta zibil masiboa izan zen, eta 350.000 pertsonek muga zeharkatu zuten lurraldea okupatzeko eta Espainiari hura abandonatzeko presioa egiteko.

Espainiak, NBEk gainbegiratutako independentzia prozesu bat bermatu beharrean, Madrilgo Akordioak sinatu zituen 1975eko azaroaren 14an, lurraldea Marokori eta Mauritaniari emanez, horretarako subiranotasunik ez izan arren.

Presaka erretiratze horrek Marokoko okupazioaren eta errepresioaren mende utzi zuen saharar herria. Herritarrak bonbardaketen, lekualdatze behartuen eta jazarpenaren biktima izan ziren. Milaka lagunek ihes egin zuten Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu-kanpamentuetara. Gaur egun ere, han erresistitzen jarraitzen dute baldintza oso gogorretan, Marokok lurraldearen zatirik handiena okupatzen duen bitartean.

Espainiak bere kolonia ohia horrela utzi zuen, potentzia administratzaile gisa zituen betebeharrak urratuz eta saharar herriaren autodeterminazioarekin zuen konpromisoa traizionatuz. Madrilgo Akordioetatik hamarkada batzuetara, bigarren traizio handi baten protagonista izan zen Espainia: 2022ko martxoan, Pedro Sánchezen gobernuak publikoki onartu zuen Marokoren subiranotasunaren peko autonomiaren proposamena zela gatazka konpontzeko “oinarririk serioena, sinesgarriena eta errealistena”. Adierazpen horrekin, Espainiak bere ohiko neutraltasun-jarrera hautsi zuen, eta Marokoren posizioarekin bat egin zuen, saharar herriak bere etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko duen eskubidea aitortzen duten NBEren ebazpenen aurka eginez.

Martxa Berdearen 50. urteurrenaren atarian, urriaren 30ean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak bilera egingo du Mendebaldeko Saharari buruzko ebazpen berri bat bozkatzeko, hurrengo egunean, Erreferendumerako NBEren Misioaren (MINURSO) agintaldia amaitzearekin batera. Misio hori 1991n sortu zen, autodeterminazio-kontsulta bat antolatzeko.

Estatu Batuek aurkeztutako zirriborroak Marokoren subiranotasunaren barruan autonomiaren esparrua sendotu nahi du, erreferendumaren aipamen oro baztertuz eta Washingtonek prozesuan paper zuzena izan dezan bultzatuz, Nazio Batuen lidergo tradizionala baztertuz. Hainbat estatu kidek kontrako adierazpenak egin arren, ebazpena Kontseiluko presidentziari igorriko zaio, bozka dadin.

Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean egindako autonomia-planari emandako babes horrek bizkarra ematen dio saharar herriari eta erabakitzeko eskubideari, eta bizkarra ematen dio, halaber, nazioarteko legediari; izan ere, horren arabera, lurraldea deskolonizazio-kasu bat da oraindik ere, eta bertako biztanleek determinazio askerako eskubidea dute.

Lotsagarria da ikustea nola saharar herriak okupazioaren, biolentzia sistematikoaren eta bere baliabideen espoliazioaren menpe jarraitzen duen, gobernu konplizeek eta nazioarteko erakunde hipokritek beste alde batera begiratzen duten bitartean.

Interes ekonomiko, geopolitiko eta militarrek ez lukete inoiz herrien eskubideak baino pisu handiagoa izan behar. Horregatik, ELAtik, beste behin ere, gure elkartasun eta maitasun osoa adierazten diogu saharar herri ausart eta duinari, eta irtenbide justu eta behin betikoa eskatzen dugu: Nazio Batuen ebazpenen araberako erreferenduma egitea, saharar herriari bere etorkizunaz erabakitzeko eta askatasunean bizitzeko aukera emango diona.