Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurrena
SEADa aldarrikatu zenetik berrogeita hamar urte igaro direnean, kezkaz ikusten dugu gatazkak konponbide justurik gabe jarraitzen duela. Marokok aurkeztutako autonomia proposamenarekin publikoki bat egitean Espainiako Estatuko Gobernuak hartutako jarrera salatzen dugu, aukera “serioena eta errealistena” dela esanez. Erabaki horrek Espainiako Estatuak Mendebaldeko Sahararekiko duen erantzukizun historiko eta politikoa bertan behera uztea dakar, eta nazioarteko zuzenbideak aitortutako autodeterminazio printzipioa nabarmen ahultzea.
Era berean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren azken ebazpenen aurrean gure ezinegona adierazten dugu, behin eta berriz irtenbide “errealista eta konpromisoan oinarritutakoa” proposatzen baitute, autodeterminazio erreferenduma modu eraginkorrean egitea bermatu gabe. Prozesuaren ardatza pixkanaka autonomia formuletarantz mugitzeak, saharar herriak askatasunez erabakitzeko duen eskubidea ziurtatu gabe, injustizia eta blokeo politiko egoera betikotzen du.
ELA sindikatutik berresten dugu ezin dela bidezko bakerik egon herri sahararrak autodeterminaziorako duen eskubide besterenezina errespetatzen ez bada. Ezarritako irtenbideek, edo saharar herriaren borondatea aintzat hartzen ez duen akordioek, ezingo dute gatazka hau modu legitimoan itxi.
50. urteurren honetan omenaldia egiten diogu saharar herriaren erresistentziari, hamarkadetan zehar bere identitatea eta borroka bizirik mantendu dutenei, eta Euskal Herritik lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, justizia eta nazioarteko zuzenbidea gailen daitezen.
Gaur, inoiz baino gehiago, saharar herriaren ondoan ibiltzen jarraitzen dugu.