ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA

Sahararren deportazioriaren aurrean, asilo eskubidea

2024/07/05
Mendebaldeko Sahararen egoera albiste da berriz ere. Oraingoan, Loiuko aireportuan azken egunetan gertatu denaren harira: Hamabi egunez aireportuan ez onartuen eremuan izan da ekintzaile saharar bat deportatzeko arriskuan. Espainiak asiloa ukatu egin zion eta Marokora deportatzeko erabakia hartu zuen. Erabaki horren aurrean Auzitegi Nazionalera jo zuten bere abokatuek, baina horrek ez du aintzat hartu Saharako herriaren alde manifestatzeagatik eta borrokatzeagatik atxilotua izan dela, eta Marokora deportatzen badute, kartzelan sartzeko arrisku handia duela. “Elkartasun osoa adierazten diogu ELAtik gazte honi bere eskubideen defentsan aritzeagatik eta asiloa ematea galdatzen dugu errefuxiatu politiko estatusa lortzeko, eta, inolaz ere, ez dezaten Marokora deportatu, bertan jazarpen politikoa eta espetxea izango duelako”, adierazi du sindikatuak.

ELAk bere egiten ditu Mendebaldeko Sahararren independentzia eta bidezko aldarrikapenak eta Marokoren okupazioa salatzen du. Azkenik, Espainiar Estatuari galdatzen dio bere erantzukizunari uko ez egitea, atzera egitea Maroko Sahararen gaineko subiranotasunaren titular gisa aitortzeko erabakian eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen aitorpena onar dezala NBEk berak egiten duen bezala.