Sindikalgintza eraldatzailearen elkartasuna CUP-eko Eulàlia Reguant eta Antonio Baños kideekin

2022/01/14
Adierazpen hau sinatu duten sindikatuok, ELA tartean, Kataluniako erreferendumaren aurkako epaiketan Vox alderdi ultra-eskuindarrak egindako galderei ez erantzuteagatik haien aurka irekitako prozesu judizialaren aurrean Eulália Reguant CUPeko parlamentariari eta Antonio Bañosi babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

Auzitegi Gorenak, desobedientzia larriko ustezko delituak leporatuta CUPeko parlamentariaren aurkako ahozko epaiketa abiatzea erabaki du, eta Fiskaltzak berarentzat urte erdiko espetxezigorra eta inhabilitazioa eskatu du. Antonio Baños auzia, foruduna ez denez, Madrilgo instrukzio-epaitegian geratu da, eta han ere ahozko epaiketa irekita dago.

Sindikatuok, eskuin muturreko fenomenoak herrialde ezberdinetan areagotzen eta poliki-poliki kontsolidatzen ari direla kezka handiarekin bizi dugu; besteak beste Brasilen Bolsonaro, Frantziar Estatuan Marine Le Pen edo Éric Zemmour, Vox Estatu Espainiarrean, Polonia eta Hungariako gobernuak, Javier Mileiren hautagaitza Argentinan… Testuinguru honetan emakumeen eta mugimendu feministaren, LGTBI komunitatearen eta eragile independentista nahiz ezkertiarren kontrako eraso faxistak areagotzen ari dira. Europako sindikatu batzuek alderdi ultra-eskuindar batzuekin daukaten harremanak eta sektore ultra-eskuindarrek sindikatu batzuetan daukaten presentzia gero eta handiagoak ere bereziki kezkatzen gaitu.

Gaur egun bizi dugun krisi sindemikoak eredu neo-liberal, patriarkal, eta ekozida honek lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko duen ezintasuna agerian utzi du. Bizi dugun krisi sistemikoak, ekonomikoaz gain, krisi politiko, sozial eta kultura bat den neurrian, gure gizartean arrakala ezberdinak sorrarazi ditu. Langile klaseari inposatu egiten zaion prekarietatea geroz eta ageriagoa da, lan errenten kaltetan kapitalaren errentak esponentzialki areagotu direlarik. Gauzak horrela, ezkerraren bete gabeko promesek eta haien burua aurrerakoitzat daukaten gobernuek langile klasean bizi baldintzak hobetzeko daukaten ezintasunek, diskurtso populista eta ultraeskuindarrei bidea zabalik uzten diete.

Faxismoak bere diskurtsoan bi elementu nagusi artikulatzen ditu: diskurtsoa antifeminista eta arrazista da, eta ideia nazionala parametro erreakzionarioetatik defendatzen du. Honen adibide garbiak Frantziako Fronte Nazionala, Italiako Lega Norte, Estatu Espainiarreko Vox eta Alemaniako AfD dira. Horregatik, sindikatuok pertsona eta herri guztien eskubideak defendatu behar ditugu, beti ere internazionalismotik eta herrien arteko elkartasunaren parametroetatik.

Sindikatuok, langile klasearen ordezkariak garen neurrian, zerbait egiten hasteko behar etiko eta politikoa dugu, eta azkar gainera, beranduegi izan baino lehen. Hortaz, sindikatuok norabide bikoitz batean lanean hasi beharko genuke; alde batetik langile klasearekin lan ideologikoa aktibatzea, eta beste aldetik, pertsona eta herri guztien nahiz planetaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredu bateranzko ibilbidea hasteko klase politikoarekiko interpelazioa areagotzea. Soilik herri sektoreen bizi baldintzak hobetuko dituzten politika sozialekin eta faxismoaren nahiz ultraeskuinaren kontrako fronte komun bat eraikiz lortuko dugu sektore erreakzionario hauen indartzea gelditzea.

Aipaturiko guztiagatik, adierazpen hau sinatzen dugun sindikatuok Eulàlia Reguant eta Antonio Bañosi gure elkartasun osoa helarazten diegu eta aldi berean botere judizialaren eskutik ematen ari den faxismoaren zuritzea nahiz Kataluniako herrian adierazitako borondate demokratikoa eraldatzea helburu duen Kataluniako herriaren burujabetza nazionalaren kontrako eraso berri hau salatu egiten dugu.

 

 

Sinatuta: Confederación Intersindical Galega, Confederación Intersindical Central Unitaria de Traballadoras de Galiza, Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores Aragón, Corriente Sindical d’izquierdas Asturies, ESK Euskal Herria,, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Canaria, Intersindical de Catalunya, Intersindical Valenciana, LAB Sindikatua Euskal Herria, Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras, Sindicato Asambleario de Sanidad, Sendicato d'os Treballadors e Treballadoras d'Aragon-Sindicato Obrero Aragones, Sindicato 25 de Marzo Extremadura, Sindicato Asambleario de Sanidad, Solidaridad Obrera, STEI Balears, STEILAS Euskal Herria.