Turkiar sindikalismoak erregimenaren zapalkuntzari aurre egiten dio

2018/10/02
ELAren delegazio bat, Xabier Anza, Laura Gonzalez de Txabarri eta Eider Azcunagak osatua, -prestakuntza arduraduna, nazioarteko arduraduna eta nazioarteko saileko kidea, hurrenez hurren- egunotan Ankaran da, zerbitzu publikoetako KESK sindikatuari bisita egiten; bidaiaren xedea da bertatik bertara ezagutzea sindikatuak eta giza-eskubideen aldeko elkarteak gero eta errepresio gogorragoaren aurka aurrera daramaten borroka.

 

Ez da giro: nagusi dira beldurra, kaleratze ilegalak, espetxeratze arbitrarioak eta ia Mafiaren kutsua duten beste jokabide batzuk. Bada, horren kontra sindikatuak demokrazia eta oinarrizko eskubideak defenditzen ari dira, esaterako elkartzeko askatasuna, greba eskubidea eta negoziazio kolektiboa, guztiak ere behin eta berriz urratzen direlarik.

Porrot egin zuen 2016ko ekainaren 15eko estatu-kolpearen ostean turkiar gobernuak emergentzia egoera ezarri zuen, eta horrek izugarrizko garbiketa ekarri du egitura estatal zein pribatuetan; dekretuz 130.000 funtzionario kargurik gabe uzteaz gainera, hedabide ugari eta ia 1.300 GKE itxi dituzte.

Gobernuak ahots disidenteak isilarazi nahi ditu, baita mugimendu sindikala ahuldu ere; demokraziaren aurkako eraso latz honek langile turkiarrak esplotazioa eta abusua pairatzeko arrisku larrian jartzen ditu.

Gainera, azken urteetan Siriatik ia 4 milioi errefuxiatu iritsi dira Turkiara, gerratik ihesi, eta hauek egoera oso larrian dauden langile bihurtu dira, esplotazioaren menpe, batik bat nekazaritzan, eraikuntzan eta ehungintzan.

Beren lana oso baldintza gogorretan egin behar badute ere, KESKeko lagunak eta irakaskuntzako EGITIM-SEN sindikatuak konpromiso, militantzia eta demokraziaren, bakearen eta justizia sozialaren eguneroko borrokaren eredu ditugu.

ELAren delegazioak halaber bilerak egin ditu Turkiako Giza-Eskubideen Fundazioarekin; honek tortura pairatu dutenak artatzen ditu eta errehabilitazioa eskaintzen die, giza-eskubideen urraketa egiaztatzearekin batera. Beste hitzordu batzuk Medikuen Elkartearekin eta Ingeniari eta Arkitekoen Ganberen Sindikatuekin izan dira; hauek ere lan handia egiten dute demokraziaren eta askatasunen alde, KESK eta DISK sindikatu progresistekin batera.