UE-Mercosur negoziazio erronda berria

2018/07/12
Aste honetan, Bruselan UE eta Mercosurren arteko akordio komertziala ixteko negoziazio erronda berria ematen ari da. Presa dago udako oporren aurretik eta Brasilgo urriko hauteskundeen aurretik akordioa ixteko. Enpresa transnazionalen alde eta gehiengoaren interesen aurka negoziatzen ari den akordioetako baten aurrean gaude.

Merkataritza libreko akordio honek, Europar Batasuna (EB) eta Mercosur eremuko herrialdeen (Argentina, Brasil, Paraguay eta Uruguay; Venezuela baztertu egin zuten) artean negoziatzen ari dena, bi eskualdeen arteko merkataritza elkartrukeak handitzea du helburu.

Sekretuan negoziatzen ari den akordio hau onuragarri bezala aurkezten den arren, ingurumenean, osasun publikoan, eskubide sozialetan eta lan arauetan eragin larria izan dezake eta akordioa ez sinatzeko pisuzko arrazoiak daude.

Lehenik eta behin, argi eduki behar da akordio hau iparraldeko enpresa handien eta Mercosurreko elite agroesportatzaileen onerako dela eta larriki eragiten diola gobernuen subiranotasunari eta guztion ongizaterako politika publikoak erabakitzeko ahalmenari.

Ingurumenari dagokionez, akordio honen bitartez Mercosurreko eliteek abeltzaintza industrialean eta soian oinarritutako esportazioak sendotzea bilatzen dute, eskualdean dagoeneko agronegozioak sortzen dituen arazoak areagotuz: deforestazioa, nekazarien beraien lurretatik botatzea, agrotoxikoen kutsadura, tokian-tokiko ekonomien suntsipena, elikadura-burujabetzaren galera eta elikadura-zaurgarritasunaren areagotzea.

Gainera, elikadura-burujabetzaren galera areagotu egingo da hazien elkartrukearen eta zirkulazio askearen debekuarekin. Izan ere, Jabetza Intelektualaren arloan bere erregulazioa negoziatzen ari da.

Jabetza Intelektualaren kapituluko beste eduki batzuk farmakoen patente europarren iraupena luzatzea bultzatzen dute. Honek sendagai generikoen fabrikazioan murrizketak eragin ditzake, Mercosurreko biztanleen osasunean eragin zuzena izanez.

Akordioak eragin larria izango luke baita ere bi eskualdeetako enpleguan. Europan nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen kalterako, ustiapen txikiak arriskuan egongo bailirateke agro-businesseko enpresa erraldoien lehia monopolistikoa medio. Mercosurren, berriz, industriako lanpostuek pairatuko lukete gehien.

Merkataritza elektronikoko kapituluaren sartzeak beste asimetri puntu bat gehitzen dio bi eskualdeen arteko erlazioari. Arlo honetan, transnazionalen operazioak bermatzeko legedi nazionala ahalik eta bigunen mantentzeko beharra, elementu estrategikoa da iparraldeko enpresen nagusitasuna mantentzeko.

Laburbilduz, espero daiteke akordio honek areagotu egingo dituela asimetriak eta desoreka Mercosur eta EBren arteko harreman komertzial eta ekonomikoetan. Berriro ere, akordio honen helburua merkatuaren desarautzea eta babes arau guztiak deuseztatzea da (arlo sozialean, ingurumenean eta lan merkatuan). Gehiengoaren interesak erasotzen dituzten merkataritza libreko akordioekin amaitzeko ordua da!