MENDEBALDEKO SAHARA
UGT-SARIO eta ELAren arteko bilera

UGT-SARIOko idazkari nagusi Salama Bachir eta Nazioarteko Harreman eta Lankidetzarako idazkari Mani Ahmed Yacub ELAren Bilboko egoitzan bildu dira Mitxel Lakuntzarekin eta Amaia Muñoarekin, idazkari nagusi eta idazkari nagusi albokoarekin, hurrenez hurren. Fadel Hniya eta Fatma Mohamed Salem Labiad Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkariek ere parte hartu dute.
Bileran Saharako gatazkaren egungo egoera aztertu da, Espainiako gobernuak Sahararekiko bere posizioa aldatu ostean. Marokok proposatutako autonomia plana ontzat ematean, Espainiako gobernuak NBEk aurreikusitako "Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio aurreikusten duen alde guztientzako irtenbide politiko justu, iraunkor eta onargarri bat" bilatzeari uko egin dio.
Egoera honen aurrean, ELAk Saharako herriarekin eta bere borrokarekin duen elkartasuna eta konpromisoa berretsi egin du eta eman beharreko babesa emateko prest dagoela azaldu du.
ELAk eta UGT-SARIOk bi hamarkada baino gehiagoko harremana izan dute. Urte hauetan alde biko topaketa ugari izan dituzte, elkarren kongresuetan parte hartu dute, saharar herriaren borrokari buruzko nazioarteko mintegiak antolatu dira, kanpamenduetara misioak egin dira eta hasieratik bi erakundeen arteko etengabeko lankidetza programa dago martxan.