Urtarrilak 30, egun historikoa

2020/02/07
Lanuztea oso nabarmena izan zen Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko zein Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan. Mobilizazioak, bestalde, jendetsuak izan dira hiri nagusietan, 145.000 lagun inguru guztira (Bilbo 50.000, Donostia 35.000, Gasteiz 25.000, Iruñea 20.000, eta manifestazio garrantzitsuak hainbat herritan).

Urtarrilaren 30eko grebak eragin handia izan zuen Euskal Herri guztian zehar. Industrian jarraipena oso handia zelarik, goiz erdian ikusi zen Hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoek, baita merkataritzaren zati handi batek ere, “lan, pentsio eta bizitza duina” eskatzeko grebarekin bat egiten zutela.

 

Greba orokorrerako deialdiak lortutako erantzun garrantzitsuak erakusten du greba beharrezkoa zela, eta agerian utzi du badela gure gizartearen zati handi bat bere arrazoiekin eta aldarrikapenekin identifikatuta sentitzen dena. Euskal oasiaren ideian islatuta ikusten ez diren milaka lagunekin konektatzea lortu du grebak. Urtarrilaren 30a aldarrikatzen duen, borrokatzen duen, eta ahal den mundurik onenean bizi garela dioen diskurtso ofiziala sinesten ez duen Euskal Herri bat dagoelaren adierazpen argiena izan da. Hazkunde ekonomikoko ziklo batean desberdintasuna handitzeak sumindura sortzen ari da, eta horrek adierazpen politikoa hartu du greba orokorrarekin.

 

Lau hiriburuetan (Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea) egindako manifestazioetan 145.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Horri batu behar zaizkio lehen aldiz beste manifestazio batzuk egin zirela hainbat udalerritan, eta arratsaldean -100dik gora egin ziren-, jendetsuak izan zirenak. Azpimarratu behar da, halaber, grebak elkartasun-kontzentrazioak izan zituela estatu osoan, bai eta nazioarteko elkartasun-adierazpen ugari ere.

 

Euskal Herriko gehiengo sindikalak gizarte erakundeekin batera deitutako greba orokorraren emaitzak argi uzten du aliantzek potentzial eztabaidaezina dutela. Urtarrilaren 30a egun historikoa izan zen, grebara atera ginen milaka eta milaka langileen oroimenean grabatuko dena, kalera atera ziren milaka pentsiodunen oroimenean, baita mugimendu feminista, ekologista, LGTBIQ+ edo arrazakeriaren aurkako mugimenduetako milaka jarraitzaileen oroimenean ere, besteak beste.

 

Tamalez beste behin ere salatu behar dugu grebalarien aurkako errepresioa neurrigabea izan zela. Ehunka grebalari identifikatu zituzten eta pikete feministak karga gogorrak jasan zituen polizia-indarren aldetik. Gainera, hamar pertsona atxilotu zituzten.

 

Grebaren datuak, sektoreka

 

Industrian, sektoreko enpresa handi askotan lanuztea ia erabatekoa izan zen. Esaterako, CAF, Arcelor-Mittal, Thyssenkruup, Siemens-Gamesa, Sidenor edo Unilever bezalako enpresetan langileen %70ek baino gehiagok egin zuten bat grebarekin. Bestalde, industriako kooperatiba askotan ere grebak erabateko jarraipena izan zuen. Enpresa txiki eta ertainek ere greba egin dute, enpresa txikietan gero eta prekarizazio handiagoa dagoelako.

 

Sektore publikoari dagokionez, behin-behinekotasunak oro har langileen herenari baino gehiagori eragiten dien arren eta ezarritako gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubidea erabat baldintzatzen duten arren, grebak jarraipen zabala izan zuela esan daiteke. Honen adibide batzuk hezkuntzan, osasunean, egoitzetan, garraioan eta komunikabideetan ikusi ziren, besteak beste. Hezkuntza publikoan lanuzteak ikastetxeen %80an baino gehiagotan izan zuten eragina eta jarraipena orokorrean %60tik gora izan zela esan dezakegu. Itundutako ikastetxeetan lanuzteak ikastetxeen %70an eragina izan zuen. Osasun publikoaren lehen arretan greba orokorra izan zen, langileek bizi duten egoera larriaren ondorioz. Nabarmentzekoa da, halaber, zahar egoitzen kasuan, greba egiteko eskubidea benetan bermatzen zitzaien langileen % 90ek baino gehiagok greba egin zutela, eta jarraipena are altuagoa izan zela Gipuzkoan, non langileek 200 egun daramatzaten greban sektoreko hitzarmena negoziatzeagatik.

 

Zerbitzu pribatuei dagokienez, jarraipena oso esanguratsua izan zen, % 70etik gorakoa eskola-jantokien kasuan. Halaber, oso garrantzitsua izan zen jarraipena kale-garbiketan, eraikinen eta lokalen garbiketan, administrazio publikoko sektore azpikontratatuetan, merkataritzan eta bulegoetan, bai eta Bilboko eta Pasaiako portuetan ere, non greba modu masiboan egin zen.