ELAk salatu egiten du Argentinako protesta sozialaren kriminalizazioa
2025eko abuztuaren 28an, Kordoban, gizarte-erakundeen mobilizazio legitimo bati polizia-indarkeriaz erantzun zioten, eta 15 pertsona atxilotu zituzten, besteak beste, Federico Giuliani bezalako buruzagi sindikalak. Azken hori, Euskal Herrian izan da berriki, giza eskubideen defendatzaileentzako eta jazarri politikoentzako nazioarteko harrera- eta babes-programa baten parte gisa. Atxilotutako pertsonek tratu txarrak jasan zituzten, giltzapean baldintza txarrak jasan zituzten eta haien kontrako neurrigabeko indarra erabili zuten, eta horrek zauri larriak eragin zizkien.
Misionesetan, ekintza sindikalaren aurkako ofentsiba judizialak aurrera darrai. Sektore publikoko langileak arlo penalean epaitu dituzte lan protestetan parte hartzeagatik. Monica Gurina eta Leandro Sanchez, besteak beste, euren jarduera sindikalagatik zigortu dituzte, oraindik apelazioan dagoen prozesu batean.
Gertakari hauek oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena suposatzen dute, hala nola, askatasun sindikala, protesta eskubidea eta adierazpen askatasuna. Langileriaren antolakuntza jazartzeko mekanismo penalak erabiltzea aurrekari onartezina eta erabat antidemokratikoa da.
ELAtik gure elkartasuna adierazi nahi diegu errepresaliatuei, eta borroka soziala isilarazi eta diziplinatzea helburu duen kriminalizazio prozesua salatzen dugu. Horren aurrean, nazioarteko elkartasuna eta eskubide laboral eta demokratikoen defentsa kolektiboa indartzeko beharra berresten dugu.