Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salak aintzat hartu du ELAk aurkeztutako inpugnazioa, eta baliogabetzat jo du Rhenus Logistics SAUren ERTEa

2020/07/23
2020ko martxoaren 24an, enpresak langileen ordezkariei jakinarazi zien lan-kontratuak aldi baterako eteteko eta lanaldia murrizteko prozedura kolektibo bat abiarazteko asmoa zuela. Horretarako, Covid-19k sortutako egoera alegatu zuen. Neurri horrek 673 langileri eragiten zien. Zehazki, 455 langileri eragiten zien lanaldi-murrizketa jasotzen zuen, eta 244 langileri kontratua sei hilabetez etetea, apirilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Orain Auzitegi Nazionalak aintzat hartu du ELAren helegitea, ERTEa baliogabetuz.

Prozesu hori gauzatzeko, aplikazioari buruzko legezko araudian kontsulta-aldiari buruz ezarritako arauak saihestu ziren, eta behar bezala justifikatzen ez diren ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiak argudiatu ziren. Kontsulta-aldian izandako hainbat irregulartasunen ondoren, apirilaren 8an egin zen kontsulta-aldiaren azken bilera. Bilera akordiorik gabe amaitu zen. Horrez gain, enpresak ez zion langileen legezko ordezkaritzari bere erabakiaren berri eman apirilaren 24ra arte, hil horren 15eko datarekin.

Irregulartasun horien aurrean, ELAk demanda aurkeztu zuen, eta eskatu zuen enpresak hartutako neurria baliogabetzat edo subsidiarioki justifikaziorik gabekotzat jotzeko. Demandari erantzunez, Auzitegi Nazionalak ELAri arrazoia eman dio, eta ERTE deuseztatu du. Epaiak onartzen du Rhenus Logisticsek  ez duela kontsulta-aldi luzerik egin. Langileen legezko ordezkaritzaren esku jarri zen dokumentazioa nabarmen eskasa zen; ez zen fede onez negoziatu; hartutako erabakiaren jakinarazpenak ez zituen bete erregelamenduz ezarritako betekizunak, eta epez kanpokoa izan zen... Horrez gain, auzitegiak adierazten du etendako lan-kontratuak berehala berrabiaraziko direla eta aldi baterako murriztutako lanaldien jatorrizko ehunekoa handituko dela, eta enpresa demandatua kondenatzen du plantillak jaso gabe utzitako soldatak ordaintzera kontratua berriz hasi arte, edo, hala badagokio, langabeziagatiko prestazioagatik jasotako zenbatekoari dagozkion aldeak ordaintzera.

Rhenus Logistics SAU enpresaren jarduera, funtsean, garraio- eta logistika-jarduera da –bai lurrekoa zein tsasokoa eta airekoa–, baita mota guztietako merkatarien biltegiratzea ere. Plantillan 930 langile inguru daude. 15 lantoki ditu, Euskal Herrian, Katalunian eta Espainiako Estatuan banatuta. Irun eta Santurtziko lantegietan 133 pertsonak egiten dute lan.

ELA pozik agertu da Auzitegi Nazionalaren epaiagatik, eta azpimarratu du Rhenus Logistics SAUko langileek ekintza sindikalaren eta juridikoaren bidez lortu dutela enpresak ezarritako ERTEari buelta ematea.