ERRENTERIAKO UDALA

Benetako negoziazio baten aldeko mobilizazioa

2025/05/06
Hilabeteak dira Errenteriako Udaleko Delegatuen Batzordeak udal gobernuarekin bilerak egiten dituela. Bilera horietan eztabaida udal langileen lan baldintzetan zentratu beharko litzateke. Hala ere, hamaika bilera antzuren ondoren, argi geratu da udalak ez duela benetako negoziazioari ekiteko borondaterik.

Bilera hauetan behin eta berriz errepikatzen da udalaren jarrera: beraien intereseko gaiak mahai gainean jartzen dituzte eta luze eta zabal eztabaidatzen dira. Hala ere, plantillaren intereseko gaiak sistematikoki atzeratzen dira, eztabaidarako tarterik utzi gabe. Ondorioz, inoiz ez dira negoziatzen langileentzat interesgarriak diren gaiak.

Egoera horren aurrean, langileek mobilizatzea erabaki dute. ELAk Udal Gobernuari eskatu dio bere jarrera aldatzeko eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko balio duten benetako edukiak negoziatzeko.

ELArentzat ezinbestekoa da negoziazio mahaiaren egutegia ezartzea, langileentzat interesgarriak diren gaiek eztabaidarako denbora izatea eta erabakiak gehiengo demokratikoak errespetatuz onartzea.