Hondarribiko Etxez Etxeko Laguntza

Beste bost greba egun deitu dituzte uztailerako

2024/07/11
ELAk beste bost greba egun deitu ditu Hondarribiko etxez-etxeko zerbitzuan uztailaren 15etik 19ra. Guztira, 25 langile dira, denak emakumeak, eta Zaintzen-Clece enpresarentzat egiten dute lan, udalak zerbitzua azpikontratatuta duelako. Herriko azpikontratatutako beste langile taldeek baino %30 gutxiago kobratzen dute, alegia, soldata arrakala pairatzen dute. Gainera, langile gehienek kontratu partzialak dituzte, beraz, arrakala eta prekaritatea handiagoa da. 2024an berritzea dagokien lan hitzarmenaren negoziaketa blokeatuta dago. Enpresak ez du 2024ko soldata igoerarik aplikatu nahi, ezta hitzarmen berriaren hasiera datarik finkatu ere. ELAk esku hartzea eskatu dio udalari, eta lan hitzarmen berrirako baldintzak sortzea, bera baita zerbitzuaren arduradun nagusia.

Langileek 7 greba egun egin zituzten ekainean zehar. ELAk adierazi du greba eta mobilizazioekin jarraituko duela bestelako zaintza eredu baten alde, zaintzaile zein erabiltzaileak erdigunean jarriko dituena.