Brioche Pasquier Irunek aitortu du irailean langile bat kaleratzea ez zegoela justifikatuta

Brioche Pasquier Irunek 2021eko irailean kaleratutako langilea modu bidegabean, justifikatu gabe eta neurriz kanpo kaleratu zuela aitortu du. ELAren Brioche Pasquier Irungo Atal Sindikalak modu positiboan baloratu du. Halere, kexu da kalte-ordaina jaso arren, enpresak ez duelako langilea berriz onartuko; izan ere, kaleratze-arrazoirik ez dagoela argi geratu arren, legeak ez ditu enpresak hori egitera behartzen. “Multinazional batentzat hutsaren hurrengoa den kopuru batengatik kaleratu zaitzakete, nahiz eta enpresak huts egin. Ez gaude salbu horrelako erasoen aurrean, besteak beste, erreformek kaleratzea merkatzen dutelako. Horixe gertatu da Brioche Pasquier Irunen”, azpimarratu dutenez. Hori dela eta, justiziak bidegabeko kaleratzea dela adierazten badu, enpresak langile bat berriz hartzera behartuko dituen klausula bat jasotzen duen enpresa-hitzarmen baten alde egin dute.
ELAko atal sindikalak adierazi du ez dutela horrelako abusu gehiagorik onartuko. “Horrelako ekintzek beldurra, zatiketa eta ondoeza baino ez dute eragiten langileen artean, eta mesfidantza handia sortzen dute enpresarekiko eta enpresaren arduradunekiko”. Gogorarazi dute Briochen ez dagoela inor sobera, eta enpresak aspalditik aldarrikatzen ari diren eskaerei erantzun beharko liekeela, hala nola gaueko orduaren prezio baxua, sailkapenak edo KPItik gorako igoerak.