Hondarribiko Etxez Etxe

ELAk 7 greba egun deitu ditu ekainean

2024/06/03
ELAk deituta, Hondarribiko (Gipuzkoa) Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek greba egingo dute ekainaren 12, 13, 14, 20, 21, 24 eta 25ean. Udalak eskaini behar duen zerbitzua bada ere, azpikontratatuta dauka, hain zuzen, Zaintzen-Clece enpresari eta herriko gainerako zerbitzu publikoetan baino % 30 gutxiago kobratzen dute langileek. Sektore guzti horiek, ELZ bezala, Udalak azpikontratatzen ditu. Halere, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuan lan egiten duten pertsonek, gehienak emakumeak, lorezaintzako, kiroldegiko edo mantentze-lanetako langileek baino 8.000 euro gutxiago kobratzen dute urtean. Gainera, langile gehienek lanaldi partziala dute, beren borondatearen aurka. Era berean, ez dute egutegi finkorik eta ez dakite zer soldata izango duten hilabete bakoitzean. Adibidez, erabiltzaileren bat medikuarengana joan bada, oporretara joan bada edo zerbitzua dagokion ordutegian kanpoan badago, langileak ez du dagokion soldata jasoko. Are gehiago, kasurik onenean, beste une batean berreskuratzera behartuko dute.

Zerbitzuak 25 langile ditu, guztiak emakumeak, eta herriko adinekoak eta premiak dituzten beste pertsona batzuk zaintzen eta laguntzen dituzte, bizitza ahalik eta duinena izan dezaten. "Horrelako praktikak genero arrakalaren ondorio dira", dio ELAk.

Enpresarekin eta udalarekin hainbat bilera egin dira, baina ez da akordiorik lortu. Udalak, zerbitzuaren titularrak, pleguak jarri berri ditu martxan eta horrek akordio on bat lortzea zailduko duela uste du ELAk.

Joan den azaroaren 30eko greba orokor feministak beste era bateko zaintza sistema eskatu zuen euskal sindikatu eta gizarte eragile gehienen aldetik. ELAren ustez, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, eta udalak aukera paregabea du azaroaren 30eko aldarrikapenak egia bihurtzeko.