ELAk bertan behera utzi du Txingudiko Women´secret dendan deitutako greba

2021/07/28
ELAk bertan behera utzi du Txingudi Merkataritza Guneko (Irun) Women´secret dendan deitutako greba, enpresak dendaren itxieraren aurrean langileak birkokatuko dituela iragarri ostean. ELAk azpimarratu duenez, lan sindikalari eta langileen antolaketari esker, enpresak, lehen aldiz denda bat ixten denean, langileak beste denda batzuetan jarriko ditu, kaleratu beharrean.

Sindikatuak gogorarazi du digitalizazioak eragingo dituen aldaketen ondorio direla enpresek saltokietan egiten dituzten etengabeko itxiera-iragarpenak, eta deitoratu du kasu isolatuak ez izatea. Hala ere, ELAk azpimarratu du merkataritzan ez dagoela inor soberan, eta adierazi du langileak mobilizatzen jarraituko duela digitalizazioak sektore horretan eragiten dituen ondorio negatiboei aurre egiteko.