TXINGUDI ZERBITZUAK (IRUN ETA HONDARRIBIKO UR ETA HONDAKIN ZERBITZUA)

ELAk errefusatu egin du enpresak bultzatutako bitartekaritza prozesua

ELAk errefusatu egin du enpresak bultzatutako bitartekaritza prozesua
ELA Txingudi Zebritzuak enpresaren estrategiaren aurka agertu da eta Irun eta Hondarribiko udalei eskatu die ia hiru hilabeteko greba desblokea dezatela.

ELAk salatu du Txingudiko Zerbitzuetan (Irun eta Hondarribiko udalen menpeko enpresa publikoa) gertatzen ari den lan gatazkaren norabidea, ia hiru hilabetera iristen ari den greba testuinguruan. Sindikatuaren arabera, zuzendaritzak edukirik gabeko bileretan, atzerapenetan eta benetako proposamenik ezean oinarritutako estrategia darabil.

Testuinguru honetan, enpresak alde bakarrez bitartekaritza prozesu bat eskatu du, langileen ordezkaritzaren adostasunik gabe, eta aldi berean edukirik gabeko negoziazio mahaia irekita mantentzen du. ELAk ekimen hori baztertu du, uste baitu ez duela gatazka konpontzeko benetako asmorik, baizik eta negoziazio borondate faltsua irudikatzeko saiakera dela.

Grebako batzordeak argi adierazi du ez dela beharrezkoa bitartekaritza esparru gehiago irekitzea; arazoa ez da foro falta, baizik eta egungo mahaian proposamen zehatzik ez egotea. Blokeoaren arrazoia langileen aldarrikapenei erantzuteko borondate falta da.

ELAk ukatu du gatazka hau arazo tekniko edo juridikoa izatea. Soldaten arteko desberdintasun bidegabea salatu du: azpikontratatutako langile batek urtean 33.000 euro inguru jasotzen dituen bitartean, enpresa publikoko langile batek 28.000 euro inguru kobratzen ditu, eta enpresaren proposamenarekin 26.000 eurora jaits liteke.

ELAk azpimarratu du plantillak ahalegin guztiak egiten ari direla akordioa lortzeko, eta irtenbidea borondate politikoaren esku dagoela. Horregatik, Irun eta Hondarribiko alkateei eskatu die euren ardura har dezatela eta gatazka konpontzeko neurriak har ditzatela ia hiru hilabeteko grebaren ondoren, sindikatuaren arabera inoiz gertatu behar ez zen egoera bati amaiera emateko.