Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua (Errenteria)

ELAk hitzarmen berri bat lortu du Errenteriako Udalak azpikontratatutako ELZrako

2025/04/09
ELAk hitzarmen kolektibo berri bat sinatu du Errenteriako Udalak azpikontratatutako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko, Arquisocial enpresan. Aurreko greba-prozesu baten, mobilizazioen eta urtebete baino gehiagoko negoziazioen ondoren, ELAk lortu du lan baldintzak parekatzea zerbitzu berbera eskaintzen duen udaleko plantillarekin. Horrek soldataren % 50eko igoera dakar, baita beste hobekuntza batzuk ere lizentzietan, gutxieneko lanaldietan…

61 langileko kolektiboa diskriminazio egoeran zegoen, azpikontratazioaren ondorioz, lan baldintzak udaleko langileenak baino okerragoak zirelako. ELAk positibotzat jo du Errenteriako Udalak sektore feminizatu eta soldata arrakaladun honen baldintzak hobetzearen alde egin izana, lana duindu eta prekarietatea murriztu duelako.

ELAk zaintza lanaren garrantzia eta zentraltasuna aldarrikatzen du, eta zerbitzua ematen duten pertsona guztien (emakumeak hein handi batean) lan baldintzak duintzeko beharra, 2023ko Greba Orokor Feministan eta bestelako mobilizazioetan egin izan duen bezala. Ildo horretan, ELAk adierazi du zerbitzua publifikatzeko lanean jarraituko duela.