Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua

Elkarretaratzea prekaritatearekin amaitzeko hitzarmen berria aldarrikatzeko

2025/03/21
ELAk eta LABek lan baldintzak hobetzeko negoziazioen blokeoa salatu dute

Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek mobilizazioak hasi dituzte hitzarmen baten negoziazioa aldarrikatzeko. Enpresak negoziatzeko benetako borondaterik ez duela ikusita, elkarretaratzea egin dute honako hau aldarrikatzeko:

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuak zerbitzu publikoa izan beharko luke, Udalak herritarrei eskaintzen dizkien beste zerbitzu publiko batzuekin batera. Baina Udalak, hau horrela izango dela agindu duen arren, gaur-gaurkoz azpikontratatuta du zerbitzua. Erabaki horrek langileen lan eta bizi baldintzei eragiten die, eta azken hitzarmena hobetzeko 6 hilabeteko greba egin arren, oraindik ez dira baldintzak Udaleko plantillakoekin parekatu.

Sindikatuek Udalari eskatzen diote bere erantzukizuna bere gain har dezala eta beharrezko bitartekoak jar ditzala sektoreak lan baldintza duinak izan ditzan. Gainera, diskriminazio hori ezabatzeko hitzarmen bat plantillarekin adosteko exijitu diote enpresari.

Zaintza sektorearen prekaritatea nabarmena da, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da Udalak udal langile guztien baldintzak parekatzeko borondatea izatea. Era berean, beharrezkoa da enpresak hitzarmen bat negoziatzea. ELAk eta LABek ohartarazi dute baldintza duinak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela.