Eraikuntza sektoreko lan baldintzen gaineko kontrol publikoa areagotzea eskatu du ELAk

2022/01/26
45 urteko langile bat (X.L.L.) hil da gaur goizean, urtarrilak 26, lan istripuan, Irunen (Gipuzkoa), etxebizitza bat birgaitzeko lanetan ari zela hirugarren solairutik erorita. Aurten 5 pertsona hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik 2 Gipuzkoan. ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta gertukoei, eta Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu die ikerketa sakona egin dezatela ezbeharraren arrazoiak argitzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko.

2021ean, eraikuntzako intzidentzia tasa % 8 igo zen aurreko urtearen aldean. Igoera horrek zerikusi zuzena du sektoreko lan baldintzen okertzearekin; izan ere, azpikontratazio kateek, erritmo altuek eta epe doituek sektoreko hitzarmena eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzea dakarte, eta horrek istripu tasa handitzea dakar.

Egoeraren larritasuna ikusita, ELAk patronalari exijitu dio alde batera utz dezala langileen segurtasunaren aurrean onura ekonomikoa lehenesteko estrategia, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eraikuntza sektorearen segurtasun baldintzak kontrolatzeko baliabideak areagotzea.

Azkenik, sindikatuak antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin du, lantokietako lan istripuak desagerrarazteko eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea defendatzeko.