SANMARKOSENE ERRESIDENTZIA (ERRENTERIA)

Greba mugagabea bost kaleratzeen aurka eta lan jardunaldi osoak eskatzeko

2024/11/29
Sanmarkosene-Gureak egoitzako langileek bizi duten egoera larria salatu dute. Langileek greba mugagabean daude kaleratzeen aurka eta lan jardunaldi osoak eskatzeko. Deialdiak langileen babes zabala jaso du. Dagoeneko 8 greba egun egin dira, eta abenduaren 2an manifestazioa deitu da Errenterian.

Euren egoera salatzeko langileek agerraldia egin dute. Hauxe da ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek irakurri duten agiria.

Duela urtebete, Azaroaren 30ean, lehenengo greba orokor feminista bultzatu genuen, zaintzak politika publikoen erdigunean jartzearen garrantzia mahai gainean jartzeko. Hitz horiek, ordea, airean geratu dira, ekintza zehatzetan itzuli gabe. Bada garaia lelo politikoak praktikara pasatu eta zaintzekiko konpromiso hori islatuko duten neurri errealak hartzeko.

Enpresak, 20 langileren lanaldia murriztea proposatzeaz gain, horietako bost kaleratzea proposatu du. Gaur egun, langileen %36k borondatezko ez diren lanaldi partzialak dituzte. Horrek arriskuan jartzen du, oraindik ere, erabiltzaileek merezi duten arreta, eta langileen egonkortasun ekonomikoa eragozten du, eta, aldi berean, langileen lana eta familia bateragarri egitea eragozten du.

Beraz, hauek dira langileon eskaera nagusiak:

  • Bost kaleratzeak ekidin, langile falta larriagotuko luketelako eta zerbitzua are gehiago konprometituko luketelako.
  • Langile guztientzako lanaldi osoko kontratuak bermatzea, arretan egonkortasuna eta jarraikortasuna sustatuz.
  • Bidezko egutegi eta ordutegiak adostea, lana baldintza egokietan egin ahal izateko.

Erakundeen ardura da zerbitzu publikoak duintasunaren eta bikaintasunaren eredu izan daitezen ziurtatzea. Ezin dugu onartu enpresak zerbitzu publikoa merkantilizatzea eta zerbitzu horren errentagarritasuna nagusitzea, eta, ondorioz, arreta defizitarioa eta lan-baldintza jasanezinak eskaintzea egunero ahulenak zaintzen dituztenei.

Egoitzan dauden 130 plazen %96 Foru Aldundiak kontzertatuak dira. Instituzio honi eskatzen diogu erantzukizuna bere gain har dezala, behar diren baliabideak bermatu ditzala eta lehentasuna eman diezaiola bai langileen eskubideei bai ematen den zerbitzuaren kalitateari. Zainketekiko konpromiso politikoak lelo huts izateari utzi eta errealitate bihurtzeko garaia da.

Datorren astean eguneroko mobilizazioekin jarraituko dugu, astelehen eta asteazkenean lehen orduko manifestazioekin eta astearte eta ostegunean auto-karabanekin. Horrez gain, manifestazioa egingo dugu abenduaren 2an, 11:00etan Errenteriako kaleetan, Udaletxeko plazatik hasita.

Langile, senide, gizarte erakunde eta abar animatzen ditugu parte har dezaten. Pertsonen eta haiek zaintzen dituztenen eskubideak errespetatuko dituen arreta-eredu bat defendatzeko konpromisoa berresten dugu. Mobilizatzen jarraituko dugu beharrezko hobekuntzak ezarri arte.