Grebara itzuli dira Salva Industrial enpresan hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

2022/10/25
Urte hasieran lanuzteak eta mobilizazioak egin ondoren, langileek enpresako zuzendaritza negoziatzera esertzea lortu zuten. Orain, urriaren 26an eta 27an eta azaroaren 2an eta 3an greba deitu dute enpresa hitzarmenaren negoziazioan ezartzen ari den blokeoa hausteko.

Lezon kokatuta dagoen eta 150 langile inguru dituen Salva Industrial enpresako langileak hitzarmenik gabe daude 2019tik, eta enpresako zuzendaritzarekin hainbat bilera egin ondoren, negoziazioa blokeatuta dago.

Urte hasieran, ogia egiteko labe industrialak fabikratzen dituen empresa honetan, lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten, enpresa hitzarmena negoziatzen hastera behartu zuten arte.

Gaur egun, ordea, negoziazioa blokeatuta dago, enpresak ez baitio proposamen bakar bat ere egin Batzordeari.

Egoera horren aurrean, Salva Industrialeko langileek greba egingo dute urriaren 26an eta 27an eta azaroaren 2an eta 3an. Greba egun horien ondoren enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu, ez da baztertzen greba mugagabera jotzea.