Hitzarmen berria lortuta, 100 greba jardunaldi baino gehiagori esker
Sei hilabeteko borroka prozesuaren ondoren —108 greba egun, mobilizazioak eta urtebete baino gehiagoko negoziazioak izan dira—, ELAk eta LABek lortu dute Pasaiako udalak herritarrei eskaintzen dien Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzen zati handi bat hobetzea.
Honek esan nahi du soldaten %30eko igoera, atseden-egun gehiago, gutxienez astean 25 orduko kontratuak… eta beste hobekuntza batzuk lizentziei eta plus batzuei dagokienez.
43 langileko kolektibo hau prekarietate- eta diskriminazio-egoeran zegoen, azpikontratazioaren ondorioz euren lan-baldintzak administrazioan kategoria bereko eginkizunak egiten dituzten langileenak baino askoz okerragoak zirelako.
Oso positiboki baloratzen dute sindikatuek Pasaiako udalak feminizatua dagoen eta soldata-arrakala pairatzen duen sektore baten baldintzak hobetzeko egindako apustua; izan ere, honek beren lana duintzen du eta prekarietatea murrizten laguntzen du. Zaintza lanaren garrantzia eta zentralitatea aldarrikatzen dituzte, eta zerbitzu hau ematen duten pertsona guztien —gehienak emakumeak— lan-baldintzak duintzeko beharra. Zentzu honetan, zerbitzuaren publifikazioaren alde lanean jarraitzeko borondatea adierazi dute.