Hondarribiko udal eraikinetako garbitzaileek greba mugagabea hasi dute

2022/09/01
Hondarribiko (Gipuzkoa) udal eraikinetako garbitzaileek (azpikontratatutako zerbitzua) greba mugagabea hasi dute hitzarmena berritzeko, 2011. urteaz geroztik iraungita. 109 greba egunen ondoren, eta enpresa kontratatzailearen (ISS Facility Services) eta Udalaren borondaterik ezaren aurrean, gaur, irailak 1, greba mugagabea hasi dute.

Enpresak etengabe errefusatu ditu langileen aldarrikapen guztiak. Azkenik, langileek eskatuta, PRECOn bilera bat egin ondoren, non akordio batera iristeko aukera ikusten zen, ISSk alde bakarrez erabaki zuen negoziazioa uda ondorenera arte atzeratzea, enpresaren ordezkariak oporrak hartuko zituela argudiatuta.

“Enpresak nahi izan balu, uztailean itxiko genuke akordioa eta irailean berriz ere lanean izango ginateke. Udalak ere bazekien enpresak ez zuela ordezkaririk bidaliko uda osoan negoziatzera; hala ere, ez zion ISS Facility Servicesi negoziatzeko eskatu. Horren ordez, greba eskubidea urratzen duten abusuzko gutxieneko zerbitzuak ezartzera mugatu da”. 

“Greba baten erdian eta negoziazioak hasi berritan, ISS Facility Services bezalako multinazional batek ezin du blokeo egoera hori gainditzeko baliabiderik jarri? Gatazka hori astebetean konpon daiteke, baldin eta borondatea badago”, diote.

Enpresarekin hurrengo bilera irailaren 8an izango da.