Hondarribiko Udal eraikinetako garbitzaileen grebaren harira, 30.000 euroko isuna jaso du ISS Facility Servicesek

2022/12/14
Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu minimoen dekretua ez betetzeagatik zigortu du epaileak enpresa. 7.500€ ordaindu beharko dizkio enpresak langile bakoitzari, tartean ordezkariari, bai eta ELAri ere.

Greba egoeran zeudela, zerbitzu minimoak betetzeko hiru langile hautatu zituen enpresak, aldez aurretik greba komitearekin ezer adostu gabe. Baina dekretuak argi adierazten du bi aldeen artean adostu behar direla gutxieneko zerbitzu hauek. Horrez gain, zerbitzu minimoak txandaka egingo zirela ezartzen zen dekretuan, baina enpresak hiru langile hauek behartu zituen zerbitzu horiek bederatzi hilabetez betetzera. Batzordeak zuzendaritzari hainbat alternatiba aurkeztu bazizkion ere, jaramonik ez zuen egin.

Greba egiteagatik, zigortuta

Oinarrizko eskubideen urraketa hau are lazgarriagoa da hiru langile hauek rol garrantzitsua izan baitzuten greba protestetan. Gainera, horietako bat ordezkari izateko hautagaia zen garai horretan. Hauteskundeak irabazi zituen gerora.

Epaiaren ondorioz, gaurko programatuta zegoen bilera bertan behera utzi du enpresak. Disputari amaiera emango zioen bilera izan zitekeen gainera, langileek, akordioa erraztu aldera, hainbat eskaera apaltzea onartua baitzuten.