MERCADONA (IRUN)
Langileek elkarretaratzea egin dute ELAko lankide baten kaleratzea eta etengabe jasaten duten jazarpena salatzeko

Kaleratutako langileak 46 urte ditu, eta bertan lan egin du saltokia zabaldu zenetik. ELAko ordezkari izendatu zutenean, enpresaren jarrera gogortu zela dio: "ELAko ordezkari izateko aukeratu nindutenean, tratua oso gogorra izan zen: isolatu ninduten nire lanaldian, nire medikuak ezarritako irizpideen aurka osasunari kalte egiten dioten funtzioak betearazi zizkidaten, sindikatuaren informazioa nire lankideei helarazteko oztopoak jarri...", salatu du. "Gainera, urteak daramatzat prima kobratu gabe, balorazio erabat arbitrarioa eta subjektiboa onartu ondoren ordaintzen den prima da, gure eskubideak aldarrikatzen enbarazu egiten dugunoi ukatzen zaiguna".
Tratu hori ez da kaleratutako lankidera mugatzen, dio. "Mehatxu horrekin egiten du lan plantilla guztiak egunero. Legezko arauak errespetatu gabe ordutegi aldaketak egiten dituzte, ez dituzte asteko atsedenak errespetatzen, lan erritmo jasanezinak ditugu, langile batek baja hartzen duenean lehenbailehen errekuperatzeko presioak jasaten ditu, zaintzagatik eta kontziliazioagatik ezarritako ordutegi zehaztapenak errespetarazteko epaitegietan amaitu behar da... Lan eskubideak urratzen dituzten egoerak zenbatezinak dira ".
Kaleratutako pertsonaren kasuan, bajan egon da. Enpresak dio baja iruzurra dela, eta bajaren arrazoiak ez direla egiazkoak, eta diziplina eta borondate arazoak egozten dizkio. "Kaleratzea enpresa honen jarrera antisindikalaren eta jazarlearen isla baino ez da", gaineratzen du. Argudio horiek egiazkoak ez direnez, ELAk salaketa jarri du epaitegietan.
ELAk urteak daramatza Mercadonaren jarrera antisindikala salatzen. Gogora dezagun urrian Nafarroako Gobernuak 7.500 euroko isuna jarri ziola Mercadonari langileen duintasuna urratzeagatik. 2019an, Gasteizko Lan Arloko epaitegiak Mercadona kondenatu zuen ELAko ordezkari bati osagarri bat ez ordaintzeagatik, jokabide antisindikala izan zuela iritzita. Ondorioz, Mercadonak 3.550 euro ordaindu zizkion langileari. Adibibide batzuk besterik ez dira, beste hainbat salaketa egin ditu sindikatuak, eta erakusten dute Irungoa ez dela kasu isolatu bat.
Hori dela eta, ELAk behin baino gehiagotan salatu du Mercadonaren jarrera antisindikala bai enpresaren aurrean, bai lan ikuskaritzan, bai epaitegietan. Nahiz eta lan ikuskaritzako adierazpenak enpresaren kontrakoak izan eta ELAk epaitegietan sententziak irabazi, enpresak ez du bere jarrera aldatu. Irungo plantillak sufritzen duena horren adibide da.