Lanuzte arrakastatsua Errenteriako Urkabe Benetan enpresan

2021/12/09
Urkabe Benetan enpresako langileek bi orduko lanuztea egin dute abenduaren 9an; langileen gehiengo zabalak bat egin du deialdiarekin. Lanuzte honen helburua enpresa hitzarmen berria lortzea da. Zuzendaritzarekin azken bilera abenduaren 3an izan zen, baina akordioa ez zen posible izan. Horregatik langileek mobilizazioaren beharra azpimarratzen dute.

ELAk azpimarratu nahi du martxotik daramatela langileek hitzarmen berria negoziatzen.Enpresaren egoera ona izan arren zuzendaritzak langileen lan baldintzak murriztu nahi ditu. Esaterako, soldatak izoztu nahi ditu, antzinatasunarekin lotutako plusak murriztu edo Aldi Baterako Lanbide Enpresen erabilera handitu, besteak beste. Langileek hala adostuta abenduaren 10, 13, 14 eta 15ean lanuzte berriak egongo dira, eta lehenago akordioa lortu ezean abenduak 16 eta 17 greba egunak izango dira.

Enpresa hau Okin taldekoa da, eta elikagaien industriari lotuta dago. 91 langile ditu, gehienak emakumeak.