Sanmarkosene egoitza (ERRENTERIA)

Mobilizazioak langile falta salatzeko

2024/04/12
Errenteriako Sanmarkosene egoitzako langileek ezin dute gehiago. Elkarretaratzeak egiten hasi dira astelehen, asteazken eta ostiralero egoitzaren aurrean. Langileen ordezkatze eza dela eta, gehiegizko lan kargez gain, egoiliarrak egun batzuetan jatorduak kartoizko plateretan eta plastikozko edalontzietan egin behar izatea ekarri du.

Egoitza hau Gureak enpresak kudeatzen du eta 130 plaza ditu, gehienak Gipuzkoako Foru aldundiarekin kontzertatutakoak. Bertan, 150 bat langilek egiten dute lan, gehien-gehienak emakumeak. ELAk urteak daramatza Gipuzkoako erresidentzietan dauden langile falta eta ratio baxuak salatzen eta borrokatzen. Sanmarkosenen, hauxe da langileak kalera atera arazi dituen arrazoi nagusienetakoa. Izan ere, lehendik ere oso baxuak diren langile kopuruak ez dituzte ordezkatzen falta izaten diren egun gehiegitan.

Langileen ez ordezkatzeak behin eta berriz ematen dira egoitzan, eguneroko arazoa da eta honek langileen gehiegizko lan kargak eta zerbitzuaren okertze nabarmena dakar. Izan ere, egun batzuetan kartoizko plateretatik eta plastikozko edalontzietatik ari dira jaten egoiliarrak eta bestalde, oso berandu oheratu behar izaten dituzte gaueko txandakoek, ez direlako iristen. Gainera, goizean jaikitzen dituztenetik (7:30-8:00) 22:00ak arte, zenbait kasutan, erabiltzaile batzuek gurpil-aulkietan eserita igarotzen dituzte ordu guzti horiek.

ELAk enpresari langileak berehala ordezkatzen hasi dadila eskatzen dio eta, Aldundiari, ratioak igo eta zaintza sistema publifikatzeko eskaria luzatu nahi dio beste behin ere, ez baita bateragarria langileen lan baldintza duinak eta egoiliarrek merezi duten kalitatezko zerbitzua, irabaziak eskuratzeko helburua duten enpresekin.