LAN HERIOTZA

Urteko lehenengo lan istripu hilgarria Gipuzkoan

2024/01/18
Proteclan enpresako langile bat hil da gaur goizean Errenteriko eraikuntza obra batean beharrean ari zela, altueratik erorita. Lehen datuen arabera, Altzate auzoan gertatu da ezbeharra, Gailur enpresaren eraikuntza obra batean lanean ari zela, altueratik erorita. Urteko lehen lan istripu hilgarria izan da Gipuzkoan, zazpigarrena Hego Euskal Herrian. Iaz, gutxienez 50 pertsona hil ziren beren lanpostuan, gehienak erabateko prekaritate egoeran eta oinarrizko segurtasun neurririk ez zegoelako.

Altuerako erorikoak dira lan istripuek eragindako heriotzen arrazoi nagusietako bat. Horrelako ezbeharrak erraz saihets daitezke; hala ere, aurten bi pertsona hil dira arrazoi horrengatik, enpresek ez dutelako prebentzio araudia betetzen. Horregatik, ELAk patronalaren zigorgabetasunarekin amaitzea eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, berehala, lan ikuskaritzako plantilla handitu dezala eraikuntza obretan lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz betetzen dela kontrolatzeko.