Adunako Refractarios Kelsen lantokian enpresa hitzarmena sinatu du ELAk

2021/11/12
Adreiluak ekoizten dituen Adunako Refractarios Kelsen enpresan akordioa sinatu du ELAk, LABekin batera (5 ordezkari ditu ELAK, 3 Independenteek eta 1 LABek). Ehun langile baino gehiago ditu, eta martxoaz geroztik negoziazioetan ibili ondoren, gaur gauzatu ahal izan da enpresa hitzarmenaren sinadura, langileen batasunari esker.

Hiru urterako indarraldia izango duen hitzarmenean, ondorengo aurrerapausuak lortu dira:

  • Soldaten igoera: IPCaz gaindiko igoerak sinatu dira indarraldiaren 3 urteetarako.

  • Gaueko lana: IPCaz gain, 2€ gehituko da lan egindako gau bakoitzeko. Guztira %40 igoko da kontzeptu honekiko emango den igoera. Gaueko lana duintzeko eta behar duen balioa emateko beharrezko urratsa da.

  • 5. erreleboengatik Plusa: Hitzarmenaren 3 urteetarako igoerak sinatu dira. Langileek plus honengatik irabazten zutena baino %12 gehiago irabaziko dute 2023 urtean. Modalitate honetan lan egiteak badu bere zama, eta horrela lan egiteagatik jasotzen den konpentsazioa duintzeak berebiziko garrantzia du.

  • Kilometraje plusa: Hobekuntzak lortu dira lantokirako irisgarritasuna zailen duten langileentzako.

  • Lan Jardunaldia: 10 ordutan murriztu da urteko jardunaldia.

  • Ordaindutako lizentzietan hobekuntzak lortu dira, lana eta familiaren kontziliazioa errazagoa gertatu dadin.

  • Barne promozio eta lanbide sailkapenak begiratu eta proposamenak egiteko idatzizko proposamena lortu dugu.

  • Errelebo kontratuaren deuseztatzea eta lan jardunaldi irregularraren portzentajea gehitzeko zituzten asmoetan enpresa gelditu egin dugu. Hitzarmenaren sinatzeak ez baitu atzerapenik ekarri behar.

ELAk hobekuntza horiek balioan jarri nahi ditu. Hala ere, langileak antolatzen jarraituko du beharrezkoak diren hobekuntza gehiago lortzeko.