LANUZTEAK CAF
Amiantoa kentzeko protokoloak berritzea eskatu dute, dagoeneko 61 pertsona hil baitira
Protokoloak berritzeaz gain, 2001ean amiantoaren erabilera debekatu arte mineralarekin lan egin zuten CAFeko langileak aintzat hartzea eta esposiziopean egon daitezkeenen zerrenda ofizialean sartzea eskatu dute, jarraipen medikoa egiteko. Gauza bera amiantoa kentzeko lanetan aritu ziren langileekin.
Bestalde, eskatu dute, amiantoaren kasuan bezala, osasun baldintza txarretan lanean aritu direnei koefiziente murriztaileak onartzea. Era berean, Gobernuak amiantoak kutsatutako langileentzat sortutako konpentsazio funtsa eskatu dute.
"Ezinbestekoa da gaixoen eta haien senideen zaurgarritasun egoera onartzea eta erraztea", azpimarratu dute. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren biharamunean, gogorarazi dute azken 10 urteetan gutxienez 587 pertsona hil direla lan istripuetan. 2023an, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, 59 langile hil ziren lan istripuen ondorioz, eta aurten jada 21 dira istripuek eragindako heriotzak.