Amiantoarekiko esposizioak eragindako asbestoriaren ondorioz hil da Legazpiko Patricio Echeverriako langile ohia

Hildakoa 24 urtez aritu zen lanean enpresak Legazpin duen lantegian, koilaragile postua betetzen, galdatutako altzairua sartzen eta, hondatzen ari zirenean, koilarak konpontzen eta berregiten. Epaia langilea hil aurretik eman zen, eta oraindik ez da irmoa, enpresek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian errekurtsoa jarri ziotelako. Epai horrek frogatutzat jo zuen amiantoarekiko esposizioa, Osalanen 2017ko iraileko txostena oinarri hartuta. Txosten horren bidez, geroago, EAEko esposiziopeko langileen fitxategian sartu zen.
Bertan egiaztatzen zen enpresak amiantoa inportatzen zuela 60ko hamarkadatik 1984an erabiltzeari utzi zion arte, eta halakotzat hartzen zen labearen edo koilararen xaflaren kontra finkatuta zegoen geruza zuria, langileek inolako eragozpenik gabe manipulatzen zutena, ez baitzekiten arriskutsua zenik.
Ondorio hori jasotzeko, auzi-jartzailearen lankideen lekukotza ere jaso zen ebazpen judizialean; izan ere, haiek azaldu zuten amiantozko zinta erabiltzen zela korrikalekua babesteko, eta, hondatzen zenean, egunean behin baino gehiagotan kentzen eta konpontzen zela. Amiantoa maskararik gabe erabiltzen zen eta langileek premiaren arabera mozten zuten.
Donostiako Lan Arloko Epaitegiek emandako epaiak asbestosiaren existentzia onartu zuen, proba medikoen ebidentziaren aurrean ez ezik, enpresaren ordezkaritzak emandako peritu-txostena kontuan hartuta ere. Hala ere, enpresek erregutze-errekurtsoa jarri dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Horrek esan nahi du prozesuko izapideak luzatu egin direla eta hildakoaren familiak jarraitu behar duela. Behin ezintasun iraunkorra deklaratu zuen epaia irmoa denean, erantzukizun zibilak eta mota guztietakoak eskatzeko borroka judizialak jarraitu beharko du.
Heriotza horrek, bere gordintasun osoan, amiantoarekin kontaktuan egotearen ondoriozko Gaixotasun Profesionalen dramaren aurrean jartzen gaitu. Goranzko fenomenoa da, eta ia pandemikoa, kontrol publiko eskasaren eta enpresek XX. mendean segurtasun-neurririk hartu ez izanaren ondorio.
ELAk doluminak eta atsekabea helarazi nahi dizkio hildakoaren familiari, eta, aldi berean, enpresei eskatzen die erantzukizunez joka dezatela eta behin betiko atzera egin dezatela bide judiziala beharrik gabe luzatzeko, horrek eragindako pertsonen sufrimendua areagotu eta berriz biktimizatzeko baino ez baitu balio.
Halaber, sindikatuak erakunde publikoei eskatzen die behar adina baliabide esleitu ditzatela langile klasearen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko, eta berresten du lantokietako produktu kantzerigenoak desagerrarazteko borrokatzeko konpromisoa.