Andoaingo Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko greba hasi da

2021/09/06
Irailaren 6ean Andoaingo Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen greba hasi da; greba irailaren 10a arte luzatuko da. Deialdi honen helburua lan baldintzak duinduko dituen lan hitzarmena lortzea da. Langileen gehiengo oso zabalak bat egin du greba deialdiarekin.

Langileen hitzarmen kolektiboa 2020ko abenduan amaitu zen. Andoaingo Etxeko Laguntza Zerbitzua Udala titularra den zerbitzu publiko bat da. Zerbitzu hori Eulen Servicios Sociosantitarios enpresak pribatizatu eta kudeatzen du. 25 langile inguru ditu. ELAk hobekuntzak eskatu ditu plataforman, baina enpresak uko egin dio. Enpresarekin eta udalarekin izandako bilerak emaitzarik gabe amaitu dira.

Horren aurrean, langileek hainbat mobilizazio egin zituzten uztailean, baina egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, irailaren 6tik 10era greba egitea erabaki dute: egun guztietan elkarretaratzea egingo dute Andoaingo udaletxearen aurrean, 11:30ean. Enpresarekin batera, udala da egoera horren erantzule nagusia. Andoaindarrek jarritako baliabide publikoak lehentasun horietara bideratu behar dira, eta ez multinazionalen irabaziak handitzen jarraitzera, lan- eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuta.