Beasaingo Antzizar kiroldegiko langileak borrokan, lan hitzarmen duinaren alde

2017/10/17
Martxoan hasi zen negoziazioa, urrian gaude eta gatazka bere horretan jaraitzen du, aurrerapauso txikiena ere eman gabe. Mobilizazioak eta greba iragarri dute, urriaren 17tik hasita, lan hitzarmen duina lortzeko bidean. Kiroldegiko langileen prentsa oharra irakurgai duzue.

Langileen agiria

Oraingo egoeraren berri ematen hasi baino lehen, Antzizar kiroldegiko langileok orain arte egin dugun borrokari buruzko ibilbidea azalduko dugu. 2016ko abenduan hitzarmena berritu behar genuen, eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, orduan ere iskanbila sortu zen. 140 egun daramagu mobilizazioetan, elkarretaratzeetan... Antzizar kiroldegia itxi eta guzti egin dugu grebagatik udako hiru egunetan. Zertarako? Oraingoz ezertarako ere ez, ez baitugu aurrera egin negoziazioan.

Martxoan hasi zen negoziazioa, urrian gaude eta berdin jarraitzen dugu, aurrerapausorik txikiena ere eman gabe. Joan-etorri asko egin ondoan, udan “uda kanpaina”ren azpikontratazioa antolatu ziguten, hori inoiz ez bezalako erasoa izan da gure lanpostuen aurka. Udalaren eta enpresaren estrategiaren barruko ekintza izan da, hitzarmenaren negoziazioan langileen indarra ahultzeko.

Beti bezala, langileen ordezkariok plataforma bat aurkeztu dugu gure eskakizunekin. Eta beti bezala, enpresak, proposamenik ez egiteaz gain, lurrera bota du gurea, plataformaren puntu guztiak ukatuz.

Enpresaren proposamena irailerako aurkeztuko zigutela hitzeman ziguten. Ez dute hitza bete. Ez dute batere asmorik agertu akordio batera heltzeko. Ez dute ezer proposatu, ezarpenaren bidetik jokatu dute.

Udalak behin eta berriz dio ez dela bere ardura negoziazioan sartzea, baina ez dugu ahaztu behar gurea zerbitzu publikoa dela: instalazioen kudeaketa azpikontratatzen da, baina erantzukizuna politikoa da.

Egoera zaila da, eta zailtasunak gainditzeko, beharrezkoa da borroka sindikala. Mobilizazioei ekingo diegu berriz, eta ez dugu etsiko gu errespetatzea lortu arte. Modu duinean negoziatu behar dugu, hitzarmen duina lortzeko. Gure eskaerak bidezkoak dira, zerbitzu ona eman nahi diegu erabiltzaileei; baina, horretarako, segurtasuna bermatu behar da, sorosleen zerbitzua hobetu, bajak eta oporrak ordeztu, plantillak berezko dituen zerbitzuak ez azpikontratatu, eta Gipuzkoako Titulartasun Publikoko Kirol Instalazioetako Hitzarmenaren parean jarri.

Bi erakunde ditugu aurrean: enpresa eta udala, zein bere posizioan temati. Langileok kateko mailarik meheena izan gaitezke, baina ez horregatik ahulena.

Horregatik guztiagatik, mobilizazio-deia egin dugu, negoziazio adeitsu eta arrazoizkoa lortzeko asmoz. Ez alferrik azkenaldian kiroldegi honetako ibilbide osoko kopururik handienak lortu ditugu erabiltzaileetan, bazkideetan eta ikastaro-egileetan. Erabiltzaileengandik espero dugu gure egoera eta eskaerak ulertzea, orain arte egin duten bezala. Eskerrik asko bihotzez zuen aupadagatik, zuen sostenguak eusten die gure argudioei.

Antzizar kiroldegiko langileak.

URRIAK 17, 11etan KONTZENTRAZIOA AZOKA PLAZAN

URRIAK 20, KOTXE KARABANA eta POTEO ALDARRIKATZAILEA

URRIAK 25 eta 26 GREBA!

HITZARMEN DUINA ORAIN!