Asuncion Klinikan lanuztea deitu dute azken urteotako lan baldintzen prekarizazioarengatik

2017/11/29
ELA eta LABek osatutako langile batzordeak lanuztea deitu du Asuncion Klinikan, azken urte hauetan langileek jasan duten lan baldintzen prekarizazioa salatzeko, eta negoziazio mahaian enpresak erakutsi duen jarrera salatzeko.

Negoziazio prozesuaren baitan, azaroan Asuncion Klinikako zuzendaritzak, negoziazio mahaira deitu zituen langileak. Azken mahai honetan, enpresak negoziatzeko asmorik ez zuela eta informazioa ematera zetozela jakinarazi zien langileei. Bertan aldebakartasunez %1eko igoera aplikatuko zietela jakinarazi zieten, 2016ko KPIa 1,6koa izan zela kontuan hartu gabe. Negoziaziorako eskubidea erabat oztopatu zen.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin kontzertatua dagoen klinika honetan, gaur egun 330 langile baino gehiagok egiten du lan, Tolosaldeako eskualde osoko 65000 biztanleri osasun arreta eskainiz.

Enpresak ez du soldata igoeraz hitz egin nahi. Langileen soldatak izoztuta egon dira, eta 7 urteotan 3.000€ - 5.000€ bitarteko galerak izan dituzte oinarrizko soldatan.

Enpresak urteko lanaldi murrizketaz hitz egiteko asmorik ere ez du. Langileen lan jarduna 1.670 ordukoa da, asteko 35 orduetatik oso urrun daude, 2010. urtetik lan jardunek ez dutelarik inongo murrizketarik izan. Pertsonal falta, kontratazioen irregulartasuna eta lan zamaren handitzea egunerokotasunean bizi ohi dituzte. Klinikako zerbitzuak gainbeheran daude, medikuak joaten ari dira, lan baldintza txarren ondorioz. Prekarizazioaren adibide garbia da Traumatologiako medikuekin gertatzen ari dena. Traumatologiako lau mediku Asuncion Klinikatik joan dira eta ez dituzte ordezkatu. Gaur, klinika honetan traumatologiako 6,5 espezialista egon beharko lirateke. Gainera, Asuncion Klinikako Lehendakaritzak Zuzendaritza medikuari bideratutako aginduei jarraituz, Traumatologiako larrialdi kirurjikoak, Donostiako Ospitalera bideratu dituzte, Tolosaldeako 65.000 biztanleak zerbitzurik gabe utziz.

Langileek bizi duten egoera larria dela eta, ELA eta LABek osatutako enpresako langile batzordeak, azaroaren 20an egindako langileen batzarra aintzat hartuta, enpresari benetako negoziazio bat aurrera eramateko pausoak ematea eskatzen dio; galdutako eroste ahalmena berreskuratzeko pausoak emanez, asteko lan jarduna 35 orduetara murrizteko pausoak emanez, pertsonal gehiago kontratatuz, hauen kontratazioak erregularizatuz eta gaur egungo lan kargei erantzun bat emanez. Izan ere, eskualdean zerbitzu publikoak eskaintzen dituzte, eta beraien soldatetarako dirua bertatik dator.

Montoyari eta Darpon Jaunaren Osasun Sailari egoera honen aurrean duten ardura beren gain hartzeko eskatzen diegu. Ez dugu ahaztu Asuncion Klinika klinika kontzertatua dela eta Tolosaldeako 65000 pertsonen osasunari erantzuten diola. Beraz, Montoya Jauna egoera honen arduraduna da eta Darpon Jauna langileak bizitzen ari diren egoeraren konplizea.

Egoera bideratuko ez balitz, langile batzordeak hurrengo egunetan egingo diren lanuzteetan parte hartzera deitzen du.

 

  • Abenduak 2, 12:30-13:30 bitartean: Kontzentrazioa Trianguloan (Tolosa)
  • Abenduak 13: 4 orduko geldialdia (8:00-12:00) eta kontzentrazioa (15:15-16:15)
  • Abenduak 20: greba
  • Abenduak 27: kotxe karabana (18:00-19:00)
  • Urtarrilak 8 eta 9: huelga