Langile bat hil da Urretxun

2017/05/31
Urretxuko Labeaga kalean gertatu da lan istripua 08:55ean. Etxebizitza bat eraikitzeko lanetan ari zela, erori egin da 46 urteko gizonezko bat. Bihar, ekainak 1, eraikuntza aurrean konzentrazioa burutuko da 11:30tan.

Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide, lankide eta gertukoei.

Horrez gain, gure ardura eta indignazioa azaldu nahi dugu prekarietateak eragiten ari den ondorio larri hauen aurrean. Tolosako Lizarra garbitegian izandako istripu larri hartatik bi aste pasa ez direnean, oraingoan hildakoak utzi dituen bi istripu arbuiagarri pairatu ditugu.

Horrelako istripuek agerian uzten dute beste behin ere enpresetan Lan Segurtasunaren inguruan behar bezain besteko neurriak hartzen ez direla eta patronalak mozkin ekonomikoak beste edozeren gainetik jartzen dituela.

Lan-istripuak geroz eta ugariagoak dira lan-zentruetan eta hau oso kezkagarria da. Horregatik beste behin, Osalan eta Lan-Ikuskaritzari eskatzen diegu gertatutakoa iker dezatela, egon daitezkeen erantzukizunak argitze aldera, horrelakoak aurrerantzean ekiditeko. Era beran, gobernuei eskatzen diegu modu kezkagarrian lan munduan zabaltzen ari den prekarietatearen aurka neurri eraginkorragoak hartzeko.