Asunción klinika (Tolosa)

Beste zazpi greba egun, irailean

2023/09/13
Asuncion Klinikako (Inviza enpresa) langileek, Tolosan (Gipuzkoa), zazpi greba egun gehiago egingo dituzte irailean -irailaren 13an, 14an, 15ean, 18an, 19an, 28an eta 29an-, enpresak ez duelako borondaterik galdutako erosahalmena (% 12,2) berreskuratzeko, KPIri lotutako soldata igoerak bermatzeko eta asteko 35 orduko lanaldia barne hartuko duen hitzarmen bat negoziatzeko. Hitzarmena berritu gabe dago 2021etik. Maiatzean eta ekainean hiru eguneko lanuzteak eta 17 eguneko grebak egin ostean hartu dute erabakia. Kontzentrazioak eta auto karabana ere egingo dira. Hilaren 14an eta 15ean 24 orduko kanpaldia egingo da klinikaren aurrean.

Inviza enpresako Tolosako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak ematen duen zerbitzua, baina erakunde publikoko langileen baldintzak izan gabe.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez dio erantzun enpresa batzordeak (LAB eta ELA) ekainaren 29an egindako eskaerari. Agerraldia eskatu zuten osasun batzordean, negoziazioaren blokeoa azaltzeko eta Eusko Jaurlaritzak prestatutako plan funtzionala salatzeko, ez baitu ospitale berrirako aldarrikatutako hiru eskaeretako bat bera ere betetzen:

  • Ospitale publikoa izatea, % 100ean.
  • Hurbileko eskualdeko ospitale batek ematen dituen zerbitzu guztiak ematea.
  • Gaur egun klinikan lan egiten duten langile guztiak dituen ospitale publikoa izatea.