TOLOSAKO KIROLDEGIA

ELAk begi onez ikusten du sinatutako hitzarmen berria

2024/11/05
ELA eta Kirolzerren artean sinatutako akordioak gatazka luze eta korapilatsu bati amaiera eman dio. Gatazka hiru puntutan zegoen korapilatuta: soldatak, kategoriak eta klaseen prestakuntza lanordu bezala aitortzea. Akordioak, 2020-2026 indarraldia izango duena, hiru puntu horiei erantzuten die.

Hitzarmen berriak eros ahalmena bermatzen du datozen urteetarako eta kategorien arteko desberdintasunak murrizten ditu; kategoria baxuenean dauden garbitzaileen soldatak adostutako igoera orokorraren gainetik egongo dira, %2,6 gehiago. Bestalde klase prestakuntza orduak erregulatzen dira, eta postu batzuetako kategoriak berrantolatu.

Akordioa ez zen posible izango udalak ez balu 2022tik indarrean zegoen kontratua atzera bota eta kontratu berria atera. Kontratu aldaketak eta honen ondorioz emandako enpresa aldaketak –BPX Portetik Kirolzerrera– egoera desblokeatu eta akordioa ahalbidetu du. Argi dago administrazioak borondatea badu posible dela indarrean dauden kontratuak apurtu eta kontratu berriak ateratzekoa.

ELAk argi du hitzarmen berria ez zela posible izango langileek erakutsitako indarra eta elkartasuna gabe. Argi geratu da borroka kolektiboaren ondorioz erabaki politikoak alda daitezkeela; bestela esanda, borondate politikoa badago langileen baldintzak hobetzeko beharrezkoa dena egin daitekeela. Langileak oso pozik daude lortutako hobekuntzekin eta egindako ibilbidearekin.