ELAk berriro ekin dio grebari Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan

2021/12/14
Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek abenduaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra arteko grebari ekingo diote berriro. Era berean, grebak irauten duen egun guztietan, 11:30ean, kontzentrazioa egingo da udaletxearen aurrean. Jarraian manifestazioa abiatuko da zerbitzua kudeatzen duen Goxara enpresaraino. Izan ere, Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa da eta Udala da zerbitzu horren titularra. Hala ere, enpresa pribatizatuta dago eta Goxara enpresak kudeatzen du. Enpresa horretan 28 langile inguruk egiten dute lan. Duela urtebete baino gehiago, langileek beren aldarrikapenak helarazi zizkieten enpresari eta Udalari. Hala ere, bi aldeekin izandako bilerek ez dute fruiturik eman.

Langileek lan egiten duten orduen arabera kobratzen dute. Ordu horiek oso aldakorrak dira hilabetez hilabete, beraz, ezegonkortasun horrek eragin negatiboa du haien lan baldintzetan eta erabiltzaileei ematen dieten zerbitzuan.

Hori dela eta, hainbat mobilizazio egin dituzte irailetik, eta azaroan 7 greba egun egin zituzten. ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak eta gehiegizkoak direla eta grebarako eskubidea urratzen dutela.