COTRONIC (ASTIGARRAGA)

ELAk Cotronic zigortu duen epaia irabazi du, langileen grebarako eskubidea urratzeagatik

2024/02/21
Donostiako Lan Arloko epaitegiak Cotronic enpresa kondenatu du langile grebalari bakoitzari 7.501 euro ordaintzera kalteengatik, eta grebarako eskubidea urratzeagatik soldata guztia. Epaiaren arabera, egiaztatuta dago langile grebalarien eskubide hori urratu dela, enpresak azpikontratutako langileak erabili baitzituen. 40 bat langilerekin, Movistarrek azpikontratatutako enpresa da Cotronic eta telekomunikazio sareak osatzen ditu

Sindikatuak auzitara jo zuen 2022ko urriaren 24an hasi zen greba mugagabean langile grebalarien ordezkapenaren ondorioz, enpresak Baldintza Kolektiboen Funtsezko Aldaketa ezarri baitzuen. ELAk azpikontratak bere langileei soilik egotzitako lanak egiteko erabiltzea leporatu zion enpresari. Bada, Lan Arloko Epaitegiak berretsi du Cotronic eta azpikontraten lana eremu mugatu eta izendatuen bidez egiten dela, eta, beraz, argi dagoela azpikontratek ezin dutela lanik egin enpresa nagusiaren eremu esklusiboetan.

Azpimarratu behar da, halaber, gertaera horiek Lan Ikuskaritzaren aurrean bi aldiz salatu zituela sindikatuak. Bi egoera horietan, Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen ez zegoela ordezkapenik, eta enpresa zuzen jokatzen ari zela. Hori dela eta, ELAk salatu du Lan Ikuskaritzak ez duela eraginkortasunik, ez baitu babesik ematen, ezta argi eta garbi frogatuta geratzen diren kasuei ere.

Greba hori langileen zati handi batek egin zuen, eta Cotroniceko langileen borroka nagusietako bat izan da. Langile horiek baldintzen prekarizazioaren aurrean, planto egin eta greba mugagaba egitea erabaki zuten.

Gaur egun, langileek sei greba egun deitu dituzte otsailean, lanean ari ziren bi lankide kaleratu zituztelako eta istripua izan zutelako. Horietako bat larri zauritu zen. Cotroniceko langileek kaleratutako langileak berehala lanera itzultzeko eskatu dute, eta enpresari eta Telefonicari eskatu diete prebentzio neurrien ez-betetzeen aurrean erantzuteko eta istripuaren erantzukizuna aitortzeko.

Egoera horien aurrean, langileek enpresaren boterearen aurrean antolatzearen eta borrokatzearen alde egin dute. Gertakari horiek agerian uzten dute enpresaren gabezi morala eta erantzukizun gabezia, bere interes ekonomikoak langileen bizitzaren gainetik jartzen dituztelako.