CAF GARBIKUNTZA (BEASAIN-IRUN)

ELAk KPI gaindiko soldata igoerak jasotzen dituen akordioa lortu du

2024/01/30
ELAk, %60ko ordezkaritzarekin, Beasaingo eta Irungo CAFeko garbitzaileen hitzarmenaren akordioa sinatu du. Hitzarmena berritzeko negoziazioak martxoan hasi ziren. ISS Facility Services enpresak egin ditu lantoki horietako garbikuntza lanak. Lortutako akordioari esker enpresako 69 langileei erosahalmena bermatuko zaie, eta bestelako hobekuntzak ere izango dituzte. Gainera, trenetako garbitzaile guztiek peoi espezialitatearen kategoria izango dute aurrerantzean.

Hitzarmenak 2023-2025ko indarraldia izango du, eta soldatetan KPIa baino handiagoak diren igoerak bermatuta izango dituzte. Zehazki:

  • 2023: KPI+0,25
  • 2024: KPI+0,5
  • 2025: KPI+0,75

Bestelako hobekuntzei begira, azpimarratzekoa da txandakako plusa lortu dela, edota gaixotasunei lotutako zeanbait hobekuntza ere jasotzen dituela hitzarmenak, besteak beste.

ELAk oso positiboki baloratzen du akordioa. Garbikuntza bezala sektore feminizatu bateko egoera hobetzen eta soldata arrakalari aurre egiten lagunduko du. Bide horretan, lanean jarraituko dute CAFeko garbikuntzako langileek eta ELAk.