ELAk salatu du Athlonek tabernako sei langileak kalean utzi dituela
ELAk salatu du Athlon enpresak Ordiziako Majori kiroldegiko tabernaren ustiapenarekin ez jarraitzea erabaki duela, eta uztailaren 31n plantilla osatzen zuten sei langileei baja eman ziela. Aurreko lizitazioa esleitu gabe geratu ostean hartu du erabakia enpresak, zerbitzua esleitzeko deialdi berria argitaratu zain.
Langileei Gizarte Segurantzan baja eman diete, kaleratze gutunik eta kalte-ordainik jaso gabe. Gainera, ELAk salatu du abuztuko lau egunez kontraturik gabe lan egin zutela, enpresaren zein Ordiziako Udalaren aldetik inolako jakinarazpenik jaso ez zutelako. ELAren arabera, langileak “erabat abandonatuta” sentitu dira, bai Majoriren aldetik, bai Ordiziako Udalaren aldetik.
Egoera horren aurrean, langileek Athlonen, Majoriren eta Ordiziako Udalaren aurkako legezko ekintzak abiatzea aztertzen ari dira, beren eskubideak defendatzeko. Haien helburua da zerbitzuaren esleipendun izango den enpresa berriarekin lanean jarraitu ahal izatea edo dagozkien kalte-ordainak jasotzea.