Michelin Lasarte

ELAk zuzendaritzaren proposamenari ezetz bozkatzeko deia egin du

2023/06/21
ELAren ustez, enpresaren proposamenak ez ditu betetzen sindikatuen artean adostutako gutxienekoak, beraz, bihar, ekainaren 22an, Michelin Lasarten egingo den bermerik gabeko bozketan zuzendaritzaren proposamenari ezetz bozkatzeko deia egin du. Enpresak, Gasteizen bezala, 72 orduko epea eman du langileek erantzuteko.

Eskaintza hori, sindikatuek ezarritako gutxienekoetatik urrun, aldaketa txiki batzuk ditu aurrekoekin alderatuta:

  • 1.500 euroko ordainsari ez-finkagarria.

  • 2023tik 2024ra bitartean KPIa % 8tik gora igotzen bada, gehienez ere % 2ko igoera 2025eko urtarrilaren 1ean, atzeraeraginik gabe.

  • 2025etik 2026ra bitartean KPIa % 4tik gora igotzen bada, gehienez ere % 2ko igoera 2027ko urtarrilaren 1ean, atzeraeraginik gabe.

ELAk dio enpresak planteatutako eskaintza Espainiako gehiengo sindikalak Zentroartekoan onartutako bera dela, eskasa edukiz, eta plantillak errefusatu behar duen xantaia dela, bermerik gabeko bozketa batean egin nahi duena. Proposamen horrek ahaztu egiten du aurreko urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea; ez dago benetako KPIaren bermerik, ez eta hileko ordainsari sistemarik ere; ez du sarrera plana aldatzen, eta ez du bermatzen gutxieneko diru sarrerarako eskatutakoa.

Honako hauek dira sindikatu guztien artean adostutako gutxienekoak (LAB, CCOO, UGT eta CSI sindikatuek alde batera utzi dituztenak bozketaren alde eginez):

  • Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea.

  • Metatutako erosteko ahalmenaren balio galera estaltzen duten soldata igoerak.

  • Sarrerako Soldataren aldaketa batzordearen plataforman jasotako ataletan.

  • Plataformak hileko ordainsari sistemari buruz jasotakoari erreparatzea, eta, bereziki, gutxieneko sarrera soldatari.

Horregatik guztiagatik, ELAk ezezko botoa emateko deia egin die langile guztiei, eta Michelin Lasarten hitzarmen baten alde borrokatzearen aldeko apustua egin du.