Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako Etxetek zerbitzuko langileek greba mugagabea hasiko dute maiatzaren 20an

2022/05/18
Aita Mennik kudeatzen duen Etxetek enpresako langileek -Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako zerbitzua- greba mugagabea hasiko dute maiatzaren 20an enpresa-hitzarmen bat negoziatzeko. Langileek Aita Menniren jarrera salatu dute, urteak baitaramatza negoziazioa atzeratzen bere lan-baldintzak prekarizatzen diren bitartean. Bide beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiari leporatu diote gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzea eta gatazka ikusezin bilakatu nahian ibiltzea.

 

2016an, Aita Menni zerbitzua kudeatzen hasi zen egunean, langileek enpresari jakinarazi zioten enpresa-hitzarmen bat negoziatu nahi zutela. Gaur egun Estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Aita Mennik baieztatu zuen etorkizunean gai horri helduko ziola; ez zuen, ordea, inoiz egin. 2021ean, langileek berriro eskatu zuten hitzarmen propioa negoziatzea, baina Aita Mennik ez zuen erantzun ere egin. Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) bilera deitu eta gero, enpresak langileei eskatu zien zerbitzuaren hurrengo esleipenaren ondoren negoziatzea, duela urte batzuk egin zuen bezala. Ez zuen, ordea, bere hitza bete, negoziatzeko tarterik ez zuela argudiatuta.

Gauzak horrela, langileek grebara jotzea erabaki zuten, beren hitzarmena defendatzeko. Aita Mennik negoziatzeko borondaterik ez duela ikusita, langileek greba mugagabera joatea erabaki dute orain, maiatzaren 20tik aurrera.

ELAk salatu du enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gatazka honetan agertu duten jarrera. Aita Menni, langileentzat lan-baldintza duinak negoziatu ordez, greba ikusezin bihurtzen saiatzen ari da, gutxieneko zerbitzuak eskatzeko zerbitzuaren esentzialtasuna eta garrantzia gogoraraziz. Aldundiak, bere aldetik, esan du ez duela negoziazioan parte hartu nahi, baina enpresaren alde egiten du, eta zerbitzu horren funtsezkotasuna azpimarratzen du gutxieneko zerbitzuak eskatzeko. Sindikatuak gogora ekarri du Etxetekeko langileek pandemian euren burua arriskuan jarri zutela; horregatik, beren lana funtsezkoa dela aitortzeko unea dela azpimarratu du, beti ere, lan-baldintza duinak eskainiz.

Etxetek Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu bat da, eta Aita Menni enpresak kudeatzen du 2016tik. Zerbitzu honen bidez, laguntza-produktuak agintzen dira desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonen etxeetan, hala eskatu badute. Orientazio edo preskripzio horren ondoren, teknikariek orientatutako laguntza-produktuen higienizazioa eta doikuntza egiten dute, bai eta produktua entregatzea eta erabiltzeko eta mantentzeko prestakuntza ere.