TKE (ANDOAIN)

Greba amaiera akordioa

2023/03/31
Andoaingo TKE enpresako langileek, lehen ThyssenKrupp Elevator zena, greba amaitutzat eman dute akordioa lortuta. Enpresa Batzordeak urte eta erdi baino gehiago zeraman hitzarmena negoziatzen, eta ez aurrera ez atzera, langileek mobilizatzea erabaki zuten. Lau eguneko grebaren ondoren langileek indar eta batasun erakustaldi eredugarria egin dute eta akordio batera iritsi dira. Greba deialdiak langileen %100eko jarraipena izan du.

Edukiei dagokienez, bi urterako hitzarmena adostu da. Positiboa da 1.682 orduko plantilla osoarentzat adostutako lanaldia eta pandemiatik bete beharreko orduak erregularizatzea. Soldatari dagokionez, berriz, ELAk egindako grebaren balioa azpimarratu du, eta horri esker enpresaren immobilismoarekin amaitzea lortu dela adierazi nahi du. Igoeraren zati bat lineala dela ere nabarmendu behar da, kategoria baxuenei mesede eginez. Hala ere, ELAk uste du bazegoela marjina igoera handiagoa lortzeko.