Greba irailaren 6tik 10era Andoaingo Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuan

2021/09/03
Andoaingo Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek bost greba egun deitu dituzte irailaren 6tik aurrera, astelehena. Mobilizazio berri hauen helburua lan baldintzak duinduko dituen lan hitzarmena lortzea da. Uztailean elkarretaratzeak eta protestak egin ostean, egoerak ez du hobera egin, eta grebara joatea erabaki dute.

Langileen hitzarmen kolektiboa 2020ko abenduan amaitu zen. Andoaingo Etxeko Laguntza Zerbitzua Udala titularra den zerbitzu publiko bat da. Zerbitzu hori Eulen Servicios Sociosantitarios enpresak pribatizatu eta kudeatzen du. 25 langile inguru ditu. ELAk hobekuntzak eskatu ditu plataforman, baina enpresak uko egin dio. Enpresarekin eta udalarekin izandako bilerak emaitzarik gabe amaitu dira.

Horren aurrean, langileek hainbat mobilizazio egin zituzten uztailean, baina egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, irailaren 6tik 10era greba egitea erabaki dute: egun guztietan elkarretaratzea egingo dute Andoaingo udaletxearen aurrean, 11:30ean. Enpresarekin batera, udala da egoera horren erantzule nagusia. Andoaindarrek jarritako baliabide publikoak lehentasun horietara bideratu behar dira, eta ez multinazionalen irabaziak handitzen jarraitzera, lan- eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuta.