USABAL KIROLDEGIA (TOLOSA)

Udalak lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko baliabideak pliegoetan jasotzea lortu dute

2023/11/16
Ia zazpi hilabetez greban egon ondoren, Tolosako kirol zerbitzuko langileek erabaki dute greba bertan behera uztea, eta lanera itzuliko dira, bihar, azaroaren 17an.

2020. urtetik zeuden hitzarmenik gabe, eta 2023ko urtarrilean hasi ziren hori berritzeko negoziatzen, BPX enpresa kudeatzailea sartu eta handik lau hilabeteetara. Negoziaketak erabat blokeatuta zeudelako hasi zuten greba langileak, eta oinarrizko eskaera batzuk jarri zituen mahai gainean.Bada, gatazka luze baten ondoren, Tolosako Udalak enpresarekin kontratua eten, eta plegu berriak atera ditu. ELAko grebalariek positiboki baloratzen dute hori, Udalak egoeraren aurrean arduraz jardun duelako. Plegu berriak aztertuta, honako hau ondoriozta daiteke: lan baldintzak duintzeko eta bermatzeko nahiko baliabide ekonomiko daudela plegu berrietan, eta hainbat hobekuntza sozial jasotzen dituela; adibide bat jartzearren, klase prestaketak lan ordu bezala jasotzen dira. Beraz, Usabal, Uzturpe, Beotibar eta Berazubiko instalazioetako langileak bihar itzuliko dira lanera.

Langileak lehengo lan baldintzetan itzuliko dira lanpostuetara, BPX enpresarekin. Datozen hilabeteak korapilatsuak izan daitezke, enpresaren jarrera zein izango den argitzeke baita. Baina, Udalak lizitazio berria ateratzearen erabakia hartuta eta denboran luza daitekeela ikusita, langileek lanera itzultzea erabaki dute. Nahiz eta arriskuak egon badauden: lizitazio berria datorren enpresarekin negoziatu beharko da, eta auzia behar bezala amaitzeko enpresa berriarekin zehaztu beharko dira baldintzak.

Gogora dezagun Tolosako grebaren muinean izandako eskaerak beste edozein langileren eskaerak izan direla, erosahalmenaren galera edo garbitzaileen soldata arrakalarekin amaitzea, esaterako. Hori dela era, erresistentzia kutxa funtsezkoa izan da oinarrizko eskaerei eusteko, eta horrela bai langileen baldintzak, bai zerbitzuarenak hobetzeko.