Ingemar-Usurbilen lorturiko akordioari esker 34 lanpostu salbatu dira, eta benetako industria-proiektu bat finkatu

2017/09/15
Ingemarko langileek urteak daramatzate borrokan, Ingemar Taldeak industria-proiektu bat Usurbilen finkatu dezan. Urte horietan guztietan ekintza ugari antolatu dira (elkarretaratzeak, bilerak, biltzarrak, eta 150etik gora greba-egun). Eta aldi gogorrak ere bizi behar izan ditugu; batzuetan ez zegoen batere itxaropenik Taldeak Usurbilgo lantegiaren aldeko apustua egiteko. Baina urte horietan, unerik txarrenetan ere, beti pentsatu dugu taldearen estrategia aldarazteko aukera bakarra plantilla osoaren borroka izango zela.

Orain dela zenbait hilabete, Ingemar hartzekodunen konkurtsoan sartu zen; eta ekainean Zuzendaritzak EEE bat aurkeztu zuen, plantilla osoa (70 langile) kaleratzeko. Kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu zen. Hala ere, eta presio sindikal eta juridikoaren ondorioz, negoziazio-bide berriak urratu ziren, eta azkenean akordioa lortu da. Akordioaren arabera plantillako erdiari baja pizgarridunak, ez-traumatikoak, emango zaizkio (30 egun lan egindako urte bakoitzeko), eta pertsonaleko gainerakoentzat, lan-baldintzak aldatu gabe, industria-proiektu bat geratuko da, makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik utzita.

Enpresako zuzendaritzak Usurbilgo lantegia itxi nahi zuen. Sindikalismo zorrotzik izan gabe, eta plantilla bere eskubideen alde borrokatzeko prest izan gabe, Zuzendaritzak bere helburua bete-betean lortuko zuen. Akordio horren bidez, aldiz, bi funtsezko helburu bete dira ELArentzat: industria-proiektu bat finkatzea eta kaleratze traumatikorik ez gertatzea. Dena dela, Usurbilen enplegu gehiago sortzeko industria-proiektu baten aldeko borroka ez da bukatu.