IBAIONDO ADINGABEENTZAKO ZENTROA (ZUMARRAGA)
Lan baldintzak negoziatzea eskatu diote Jaurlaritzari, Gasteizen

Gobernu talde berriak -Justizia eta Giza Eskubideen Saileko zuzendaria José María Bastos da eta Lan Harremanen zuzendaria, berriz, Cristina Bañales- duela sei hilabete baino gehiago hartu zuen egoera aldatzeko konpromisoa; ez du, ordea, inolako interesik agertu 2019an ezarritako ordutegi bereziko baldintzak negoziatzeko. “Argi dago Eusko Jaurlaritzak ez dituela langileen baldintzak negoziatu nahi", adierazi dute.
Sindikatuek salatu dute langileek baldintza gogorrei egin behar dietela aurre: gauez zein jaiegunetan lan egitea, txandakako lana, astean 47 ordu arteko lanaldiak, familia bateratzeko ezintasuna edo adinarekin lotutako arrazoiengatik kontziliaziorako eskubide eza, karga psikologikoa, lan arriskua... Gainera, zentroko aldi baterako langileek oraindik ez dute erregulazio espezifikorik, Euskal Administrazioko gainerako langileek ez bezala, horiek araudi erregulatzailea baitute 2021etik.
Lau urte urratsik egin gabe
Egoera hori, ordea, ez da berria. Izan ere, aurreko legegintzalditik dator. Lau urtez, gobernu taldearekin egindako bileretan ez zen urratsik egin eta agintaldiaren amaieran administrazioak adierazi zuen "ez zutela hurrengo gobernu taldean eroriko zen erabakirik hartuko".
Sindikatuek gogorarazi dute zentroko langileek ezinbesteko lana egiten dutela adingabe eta gazteak birgizarteratzeko.