TOLOSAKO HILTEGIA
Langileak eta inguruko abeltzain eta harakinak, haserre hiltegiaren egoerarekin

Tolosako Hiltegiko langileek eta inguruko abeltzain eta harakinak elkarretaratzea egin dute Tolosako Udaletxearen aurrean. Ez enpresak, ez mankomunitateak ez duela egoeraren ardura hartzen salatu dute
Hiltegiko langileak greba mugagabean daude otsailaren 24tik. Langileek salatzen dute Industrias Cárnicas del Oria enpresak ez diela soldatarik ordaintzen. Gainera, enpresaren utzikeriaren erruz, hiltegiko etorkizuna kinka larrian dagoela salatzen dute.
Bestalde, langileek gogorarazi nahi dute hiltegiko zerbitzua zerbitzu publikoa dela. Eta, beraz, Tolosako mankomunitateak ere baduela ardura. Mankomunitateari lizitazioa eten dezan eskatzen dute eta zerbitzua publifikatu dezala behingoz. Gaur gaurkoz, ez Industrias Carnicas del Oriak, ez eta mankomunitateak ez du bere gain hartzen ardura. Langileek salatzen dutenez babesgabetasun egoeran daude.